Festari ekiteko prest daude Errebalean

Uztarria.eus 2016ko aza. 10a, 18:27
Errebaleko sanmartinetako antolatzaile eta babesleetako batzuk, otarreekin. Ezkerretik eskubira, Irati Gurrutxaga, GarbiƱe Bereziartua, Ruben Fernandez eta Denis Elorza.

Ostiralean eta zapatuan ospatuko dituzte aurtengo sanmartinak, mus txapelketarekin hasi eta Trini Foxen kontzertuarekin bukatuz. Antolatzaileek parte hartzeko gonbita luzatu diete herritar guztiei.

Bihar, San Martin egunarekin, hasiko dira Bustinzuriko Errebalean urteroko festak ospatzen. Ostiralean eta zapatuan izango dira sanmartinak. Bihar, festei ekiteko, gauean mus txapelketa jokatuko dute Pikua eta Urtzi tabernetan. Zapaturako, berriz, goizetik gaueraino luzatuko den egitaraua prestatu dute Errebalean, txistulariekin, umeentzako jolasekin eta txokolatadarekin, sokamuturrarekin, lagunarteko afariarekin eta, bukatzeko, Trini Fox taldeak emango duen kontzertuarekin.

Festaz gozatzeko gonbita

Errebaleko festak antolatzen dituen taldeko kideetako bi dira Garbiñe Bereziartua eta Ruben Fernandez. Urte luzez festak prestatzeaz arduratu zen taldearen lekukoa orain dela hiru urte hartu zuten egungo antolatzaileek, eta harrezkero egin dituzte aldaketa batzuk egitarauan eta. "Hiru urteetan antzeko egiturari eutsi diogu. Esang nuke musika eskaintza berritzea izan dela gure ekarpen nagusia", dio Garbiñe Bereziartuak. "Aurreko bi urteetan erromeria izan dugu zapatuan, eta aurten rock kontzertua", gehitu du Ruben Fernandezek.

Iaz bazkari herrikoia ere egin zuten kalean bertan. Aurten, berriz, afaria egingo dute, bazkariaren ordez, Txokoa jatetxean. "Nahi duenak libre dauka joatea, aurrez izena emanda. Denak ongietorriak izango dira", diote Bereziartuak eta Fernandezek. Zapatuan izango da afaria eta gaur, osteguna, da izena emateko azken eguna, Pikua tabernan.

Kaleko merkatari eta tabernarien laguntza eta inplikazioa ere ez zaizkie falta antolatzaileei. Iaz lehen aldiz egin bezala, aurten ere sanmartinen aurreko egunetan Errebaleko saltokietako bezeroek errifak jaso dituzte opari, festetan zozkatuko dituzten bi otarreentzako zenbakiekin. "Festen aurretik kalean giro pixkat sortzeko" egin zuten ahalegina joan den urtean eta, harrera ona ikusita, aurten berriro egin dute; 2015ean 10.000 zenbaki atera zituzten eta aurten 40.000, egitasmoaren arrakastaren erakusgarri. Iaz otarre bat zozkatu zuten eta aurten bi izango dira, biak ere Errebaleko dendariek emandako produktuekin osatuta. "Egundoko otarrea izan zen iazkoa, eta aurten bitan banatzea pentsatu dugu", azaldu du Bereziartuak. Aurten, gainera, dendariek beraiek hartu dute errifa antolatzearen ardura, antolatzaileek proposatuta.

Iaztik datorren beste berrikuntza da festetara inguratzen direnei doako pintxoak eskaintzea. Joan den urtean kalean banatu zituzten pintxoak eta aurten ere asmo hori dute baina, eguraldiaren arabera, kalean ez bada tabernetan emango dituzte -Pikuan, Urtzin eta Elurran-, triki-pintxo-poteoaren barruan.

"Beti-betiko" hitzorduei ere eutsi diete, sokamuturraren aurreko txokolatadaren kasuan bezala; sokako zezenaren antolaketa, berriz, Zezen Beltz elkartearen kontura izaten da.

Errebalekoak bezalako festak antolatzearen zailtasun edo kezka nagusiak zeintzuk diren aipatzerakoan, "jendea etortzea" eskatzen du Fernandezek; "festak Errebalean direla, baina herri osoan oihartzuna izatea" gustatuko litzaioke. "Aurreko urteetan Errebaleko festek Azkoitian data hauetan jartzen duten kontzertuarekin kointziditu dute, eta iaz ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunekin ere bai. Aurten, ordea, zapatuan ez dago kontzerturik Azkoitian, eta Azpeitian ere ez besterik". Lau lagun elkartu dira aurten festak antolatzeko, eta taldera jende gehiago batzea "gustura hartuko" lukete. "Azkenean, denon artean eginda ez da lan handia eskatzen duen zerbait. Baina kalean bizi direnak, edota Errebalekoak izan eta orain beste nonbait bizi direnak etortzea gustura hartuko genuke", diote. Horretarako gonbita ere luzatu dute antolatzaileek.

Egitaraua

Azaroak 11, ostirala

22:00. Mus txapelketa, Pikua eta Urtzi tabernetan.

Azaroak 12, zapatua

11:00. Goiz eresia, txistulariekin.

12:00. Ume jolasak.

13:00. Zezen txikiak eta poniak.

15:30. Txokolatada.

16:30. Sokamuturra.

19:00. Triki-pintxo-poteoa.

21:00. Afaria, Txokoa jatetxean.

23:00. Trini Fox taldearen kontzertua.