'Urolanprest' webgunea sortu dute, Urola Erdiko enplegu eskaintzak jasotzeko

Uztarria.eus 2016ko aza. 10a, 18:14

Lan eskaintzez gain, formazio eta orientazio zerbitzuen berri ere emango dute urolanprest.eus webgunean. Langabeziari erantzuteko 2016-2018 Ekintza Plana jarri dute abian, eta horren barruan langabetu bakoitza identifikatu nahi dute, "ahalik eta laguntza pertsonalizatuena emateko".

Enplegua sustatzeko eta langabetuak lan mundura gerturatzeko 2016-2018 Ekintza Plana abiatu dute Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek Iraurgi Berritzen Garapen Agentziaren eskutik. Ekintza Planak hiru oinarri ditu: Orientazio eta Enplegu Zentroa, lan merkaturatzea errazteko profil ezberdinei zuzenduriko programak eta bailarako lan eskaintza guztiak bateratzen dituen webgune berria, www.urolanprest.eus 

Webgunea Urola Erdiko sei herrien arteko proiektua da. Beizamak, Aizarnazabalek, Errezilek, Zestoak, Azpeitiak eta Azkoitiak hartu dute parte eta baita beste hainbat eragilek ere. Lan bila dabiltzenentzat erreferentziazko tresna izatea nahi dute sustatzaileek. Webgunea hiru ataletan banatuko da: enplegua, orientazioa eta formazioa. Bertan eskualdean dauden enplegu eskaintzak jasotzeaz gain, orientazio eta formazio saioen berri ere emango dute.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan duenez "elkarlanaren emaitza" da gaur aurkeztu duten Ekintza Plana: "Denon artean lortu dugu guretzat lehentasuna den langabeziari aurre egiteko proiektua egitea. Horrez gain, Ekintza Plana osatzen lagundu duten eragileei keinu egin die Etxeberriak: "Bakarrik ezin dugu horrelako proiekturik egin"

Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak adierazi duenez, "gure esku dago lan bila dabilenari erreztasunak ematea, eta horretan ari gara buru belarri Iraurgi Berritzenetik. Azken hilabeteetan enplegua sustatzeko sekulako apustua egin dugu". Lan hori ekintza planean bildu dute, eta horrekin lortu nahi dutena da langabezia tasak murriztea eta lan bila dabiltzan herritarrei lan mundura hurbiltzeko erraztasunak ematea. Horrez gain, "tokiko beharrei tokiko erantzunak emateko" lanean ari direla azpimarratu du Larrañagak. 

Langabetu bakoitzak kezkatuta

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan duenez, enplegua da Udalaren lehentasuna, eta "langabe bakoitza kezka bat da". Horregatik, langabe bakoitza identifikatu nahi dute, horiei ahalik eta laguntza pertsonalizatuena emateko. "Pauso bat ematera goaz. Langabeak identifikatu eta horiek banaka banaka ezagutu nahi ditugu, arazoei aurre egiteko tresnak emateko", esan du Etxeberriak. Horrez gain, Mari Jose Iturria aurreko agintaldian Hezkuntza zinegotzi izandakoari eta Joxe Fernando Garmendiari eskerrak eman dizkio horien izan baitziren gaur aurkeztu duten webgunearen aitzindari. "Beraiek konturatu ziren gazteek ez zutela nahiko infromaziorik jasotzen lanaren eta prestakuntzaren inguruan, eta horien proposamenetatik abiatu gara proiektu hau osatzeko", esan du Etxeberriak.

Planaren erronketako bat da lan bila dabilenen eta lana eskaintzen dutenen arteko harremana lortzea. Urriko datuen arabera, Urola Bailaran 1.713 langabetu daude, eta horietatik ia %70ak derrigorrezko ikasketak ditu. Iraurgi Berritzeneko lehendakari Javier Zubizarretak esan duenez, "horrelako ezaugarriak kontutan hartzekoak dira enplegua estrategiak diseinatzerakoan". Horrez gain, "tokiko beharrei, tokiko erantzunak" ematearen beharra azpimarratu du Zubizarretak: "Horretarako, Iraurgi Berritzenetik ahalegin handia egiten ari gara ditugun zerbitzuak bailarara egokitzen eta bertako ezaugarrien arabera programa propioak garatzen, Udalen gainetik dauden erakundeen zain egon gabe. Funtzionamendu propioa eta autonomoa nahi dugu, ahal den heinean”.

Iraurgi Berritzenek ia 900 langabeturen informazioa du baina ia beste erdienak falta zaizkio. Horiei denei Iraurgi Berritzeneko ateak jotzeko deia egin die Javier Zubizarretak.

Jexux Agirrek Iraurgi Berritzeneko zuzendaritzako kideak azaldu ditu ekintza planaren nondik norakoak, eta Udalek proiektuaren aurrean azaldu duten konpromisoa nabarmendu du. Horrez gain, Iraurgi Berritzenek egiten duen lana "herritar askok ezagutzen ez" duela esan du Agirrek, eta horiengara iristea da beraien helburua. "Ditugun zerbitzuak langabetuengana iristea nahi dugu", esan du. Hala, Iraurgi Berritzenen Orientazio eta Enplegu Zentrua aipatu ditu, eta baita langabetuei zuzendutako bestelako programak ere, Hazilan eta Lanzituz kasu. Bestalde, gaur aurkeztu duten webgunearen garrantzia azpimarratu du.

Iraurgi Berritzenen XVI. Topaketak

50 pertsonatik gora lagunek hartu dute gaur egin dituzten Iraurgi Berritzenen XVI. Topaketetan. Eragileek Jardunaldietan lau erronka zehaztu dituzte, Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariaren hitzetan: "Erronka bat da talentuari nola eutsi zehaztea; bigarrena da gizarte aldaketari nola erantzun zehaztea; hirugarrena, nola uztartu lan eskaria eta eskaintza, eta azkena da nola jorratu etengabeko formakuntza".

Topaketetan parte hartu duten enpresek etorkizuneko helburuak eta erronkak zehaztu dituzte: enpresak aktibo bihurtzea eta enpresen errealitatea zein den zehaztea, hain zuzen. Ikastetxeen kasuan, metodologia berritzaileak lantzen hasi behar dutela ondorioztatu dute, baita Lanbide Heziketa indartu behar dela ere. Jardunaldian parte hartu duten eragile sozio-ekonomikoek politika lokalak egiten jarraitzeko eskatu diete Udalei, eta baita esparru ezberdinetako profesionalak biltzeko espazioak ematen jarraitzeko ere.