Euskal Antzerki Topaketak 2016

Eta zuk, kontrolatzen al duzu?

Urola Kostako Hitza 2016ko aza. 10a, 13:01
‘Sarean kateatuak’ antzezlaneko irudi bat. (Nomofobikak)

Nomofobikak taldeak Sarean kateatuak antzezlana eskainiko du Azpeitiko udaletxeko sotoan, 21:00etan. Gizarteak eskuko telefonoarekin duen mendekotasuna umorez landuko dute.

Badago sakelako telefonorik gabe bizi ezin duen jendea. Etxean ahaztuz gero, ezin egon, eta bateriarik gabe geldituz gero, urduri. Askok eta askok fobia diote  sakelako telefonorik gabe egoteari, eta adituek gaixotasun bezala katalogatu dute mendekotasun hori: Nomofobia izena jarri diote. Errealitate hori aintzat hartuta, Sarean kateatuak antzezlana sortu du Nomofobikak taldeak. Olatz Beobide, Belen Cruz eta Amaia Lizarralde dira aktoreak, eta gaur Azpeitiko udaletxeko ganbaran taularatuko dute, 21:00etan. Azaroaren 18an, berriz, Orioko Kultur Etxean izango dira, 22:30ean.

Sakelako telefonoaren erabilera gizartean zein azkar hedatu den ikusita, gaiari heldu nahi izan diote. "Uste dugu haren erabilera kontrolatzen dugula, baina ez dakit berak gu kontrolatzen ez ote gaituen", adierazi du Beobidek. Dena den, gaixotasun guztiek bezala, nomofobiak ere bere sendabideak ditu. Asiako zenbait lekutan, esaterako, sakelakorik gabe bizitzen ikasteko zentroak jarri dituzte. Sarean kateatuak antzezlanean, berriz, hiru emakumek terapia bati aurre egingo diote ikusleekin batera. "Publikoari existitzen den inkesta bat egingo diogu, eskuko telefonoaren menpe zenbateraino dauden aztertzeko. Publikoa ere nomofobikoa da, eta denok egin behar dugu terapia hori".

Artikulua osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.