Balentina Agirre Elorza izena emango diote Artzubiko plazari

Uztarria.eus 2016ko aza. 9a, 19:45
Balentina Agirre Elorza plaza. (Julene Frantzesena, UK Hitza)

Azpeitiko kale-izendegian aurreneko emakume izena izango da emagin ezagunarena. Aho batez onartu zuten izendapena atzo, asteartea, azaroko ohiko udalbatzarrean. Euskarazko tokiko hedabideentzako 2016rako diru-laguntzak ere onartu zituzten, Uztarriari, Urola Kostako Hitza-ri eta Erlo Telebistari dagozkienak, kasu horretan EAJren abstentzioarekin.

Balentina Agirre Elorzarena izango da Azpeitiko kale-izendegian sartuko den lehendabiziko emakume izena. Artzubia, Jose Artetxe eta Ildefonso Gurrutxaga kaleen arteko jolas parkea dagoen plazari emango diote, hain zuzen ere, Egurtza baserrian sortutako emagin ezagunaren izena. Hala onartu zuen atzo, asteartea, Azpeitiko Udalak, azaroko ohiko udalbatzarrean; aho batez egin zuten erabakiaren alde Bilduk eta EAJk.

"Kale-izendegian emakumeen presentziaren gainean justizia egitea" aipatu zuen Eneko Etxeberria alkateak aipatutako plazari Agirreren izena ematea proposatzerakoan; zentzu horretan, atzoko erabakia "lehen pauso bat" dela esan zuen. Era berean, Balentina Agirre Elorzari (1918-1987) herriko gune publiko bat eskaintzearen bidezkotasuna nabarmendu zuen: "Ez zaio kalea ematen emakumea zelako, oso ezaguna zelako eta herriaren alde egin zuen lanarengatik baizik". Kale-izendegian emakumeen presentzia indartzeko helburuan bat datoz Bildu eta EAJ, horrela adierazi zuten bai Etxeberriak eta bai Aitor Gorrotxategi jeltzaleen bozeramaileak. "berri pozgarria da -esan zuen Gorrotxategik-. Aspaldi esan genuen, gainera, kale-izen bat jarri behar zen hurrengo aldian emakume baten izena jarri behar zela". Agirrerekin mundura etorritako azpeitiarretako bat dela gaineratu zuen Gorrotxategik.

Uztarria Komunikazio Taldearen liburuxka biografikoen saileko protagonistetako bat ere bada Balentina Agirre Elorza. 2009an argitaratu zuen Uztarriak hari eskainitako biografia txikia, Olatz Pratek idatzia. Uztarria.eus-en irakur daiteke.

Tokiko euskal hedabideentzako laguntzak

Azpeitian lan egiten duten euskarazko tokiko hedabideentzako 2016ari dagozkion diru-laguntzak ere onartu zituzten atzoko udalbatzarrean; laguntza horiek komunikabideek Udalarekin urtero berritzen dituzten hitzarmenetan oinarritzen dira. Horrela, Uztarria Komunikazio Taldeari 31.583,26 euro emango dizkio Udalak, 27.000 euro Urola Kostako Hitza-ri, eta 6.000 euro Erlori. Bilduren aldeko botoekin onartu ziren diru-laguntzak; EAJ abstenitu egin zen.

"Gure Udalak euskara sustatzea oinarri du, urteetan izan du horrela. Eta egin den lanagatik da Azpeitia 5.000 biztanletik gorako herririk euskaldunena; ez da zerutik etorri. Komunikabide hauek ere lan asko egin dute eta horiei esker ere bada Azpeitia herri euskalduna", esan zuen alkateak, diru-laguntzak azaltzeko. "Guk beti exijiu diegu eta exijitzen diegu eraginkortasuna. Horretan sakondu beharra dute eta erronka garrantzitsuak dituzte aurretik, baina diru-laguntza honekin egiten duten lana errekonozitu nahi diegu", gaineratu zuen Etxeberriak.

Aitor Gorrotxategik, bere aldetik, EAJren abstentzioa bi puntutan arrazoitu zuen. Batetik, jeltzaleak aurtengo udal "aurrekontuetan ere abstenitu" egin zirelako, eta horien barruan zeuden orain udalbatzarrean onartutako diru-laguntzak. Bestetik, Udalak diru-laguntzak jasotzen dituzten gaineko kontrol gehiago izan beharko lukeela uste dute jeltzaleek. "Beti esaten dugu diru publikoa jasotzen duen orok kontrola izan behar duela, zuk [alkateak] esan duzun bezala, efikazia eskatzeko. Urtean behin batzordean bildu behar genuke hedabide horien egitasmoen berri izateko; baina nola egiten dutena ez dugun ikusten, abstenitu egingo gara", adierazi zuen Gorrotxategik.

Hiru proiekturentzat hobariak

Azpeitiarentzat duten "interes orokorra" dela-eta hiru proiekturi zergetan hobariak ematea ere onartu zuen Udalak, aho batez, atzoko bilkuran.

Urola Ikastolako eraikinean egitekoak diren handitze lanentzatko izango da hobarietako bat. Beste bat, Arrite SL enpresak Erdikale 17-19 orubean egin nahi duen etxebizitza sustapenarentzat; Intz tabernaren parean hutsik dagoen orubea da hori. "Gure planteamendua ez da sustapen zehatz horri hobaria ematea, inguru horretan dauden guztiei ematea baizik", azaldu zuen Eneko Etxeberriak, laguntzak Alde Zaharraren biziberritzea bultzatzeko estrategien barruan kokatuz. Hirugarren hobaria, berriz, Ormola enpresarentzat izango da. Azkoitiko Umansoro industriagunetik Azpeitira aldatuko da injekziorako plastikozko moldeak egiten dituen lantegia, eta lantoki berria egokitzeko lanetan jasoko du udal hobaria; 50 bat langile ditu gaur egun Ormolak.