'Testurak', emakumeen etxeak saretzen hasteko

Urola Kostako Hitza 2016ko aza. 9a, 13:55
(Hitza).

Testurak bertso saioa izango da gaur 19:00etan, Emakumeen Txokoan. Emakumeen Etxeen Sareak antolatutako saioa da, eta emakumeen etxe desberdinetan ari dira emanaldi "berezi" hauek egiten.

Emakumeen Etxeen Sareak antolatuta, Testurak bertso saioa izango da gaur Azpeitiko Emakumeen Txokoan, 19:00etan hasita. Maialen Akizu, Rosi Lazkano, Ane Labaka eta Onintza Enbeita ariko dira kantuan, eta Amaia Agirre arduratuko da gaiak jartzeaz.

Azpeitikoa ez da Testuraken aurreneko saioa izango; izan ere, beste herri batzuetako emakumeen etxeetan egin dituzte dagoeneko. Hala ere, saioa "berezia" izango dela dio Izaskun Egiguren Azpeitiko Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak. "Sormena lantzeaz gain, emakumeen presentzia indartzen du emanaldiak. Nolabait, plaza publikoetan emakumearen presentzia areagotzea da helburuetako bat". Belaunaldi desberdinetako bertsolariak elkartu dira Testurak saioa dela-eta, eta emakumeen etxeetan horri "garrantzia handia" ematen diotela dio Egigurenek. "Emakumeok elkarlanean aritzeko aukera desberdinak sortu behar ditugu, eta oso garrantzitsua da belaunaldien arteko zubiak egitea".

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.