Hilaren 18an amaituko da Irudhitzen lehiaketara argazkiak bidaltzeko epea

Uztarria.eus 2016ko aza. 8a, 13:40
Loiolan hartutako irudia. (Maialen Etxaniz)

Irudiak aurkezteko baldintza bakarra da argazkiak Azpeitian ateratakoak izatea. Aukeratutako hamabi argazkirekin 2017ko egutegia kaleratuko du Uztarriak. 

Azaroaren 18a izango da Uztarria Komunikazio taldeak, Kultur Mahaiak eta Argazki Elkarteak elkarlanean antolatutako Irudhitzen lehiaketara argazkiak aurkezteko azken eguna. Herritarrak euskarazko edukien sortzaile izatea da lehiaketaren helburua, eta jasotako irudiekin 2017ko egutegia kaleratuko du Uztarriak.

Lehiaketara aurkezten diren irudi guztietatik hamabi onenak aukeratuko ditu Azpeitiko Argazki Elkarteko hainbat kidek osatutako epaimahaiak. Behin horiek hautatuta, 2017ko egutegia egingo du Uztarriak. Hamabi irudi horietatik, baina, bat nabarmenduko dute argazki elkarteko epaimahaikideek, eta irudi horren egileak 150 euroko saria eskuratuko du. Argazkiak aurkezteko azken eguna azaroaren 18a izango da.

Honakoak dira argazki lehiaketaren oinarriak:

  • Irudia Azpeitian ateratakoa izatea.
  • Objektuak, pertsonak nahiz paisaiak izan daitezke argazkiko protagonistak, baina irudiak Azpeitian hartutakoak direla nabaritu behar da. Adibidez: barrazkilo bati ateratako argazkia bidal daiteke, baina atzean Azpeitiko txokoren bat ikusi behar da.
  • Parte hartzeko ez da ezinbestekoa azpeitiarra izatea.
  • Argazkia horizontala izatea.
  • Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bost argazki bidal ditzake.
  • Aurkezten diren irudiak argazki kamerarekin edo mugikorrarekin ateratakoak izan daitezke, baina ahalik eta kalitate handiena izan behar dute.
  • Zuri-beltzean nahiz koloreetan bidal daitezke argazkiak.
  • lehiaketakuztarria@gmail.com helbidera bidali behar dira irudiak, azaroaren 18a baino lehen.

Hitzentzako tartea, aurrerago

Epaimahaiak aukeratutako hamabi argazkiei hitzak jartzeko aukera ere izango dute herritarrek. Hala, argazki horiek Uztarria.eus-en argitaratuko dira azaroko hirugarren astearen bueltan. Herritarrek argazki bakoitzarentzat testu laburrak sortu ahal izango dituzte; bat edo gehiago. Argazkiak Uztarria.eus-en argitaratzen direnetik abenduaren 16ra bitartean bidali beharko dira testu laburrak lehiaketakuztarria@gmail.com helbidean.

Lehiaketaren literatura atala baloratuko dute Anartz Izagirrek, Izaro Zinkunegik eta Alaitz Olaizolak, eta horiek argazki bakoitzarentzat testu bat aukeratuko dute, eta hamabi testuetatik bat nabarmendu. Testu horren egileak ere 150 euroko saria jasoko du.