Ikasturteko bigarren Plazatarrak egingo dute azaroaren 18an

Uztarria.eus 2016ko aza. 4a, 11:56

Herri kirolak egingo dituzte herriko plazan H.H 5etik L.H 6ra bitarteko haurrei eta beren gurasoei zuzenduta. Egitasmoan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, eta horretarako izen-emate orriak banatuko dituzte ikastetxeetan. Gazte Informazio Bulegoan ere izena emateko aukera izango da.

Joan den urrian jarri zuten berriro martxan Plazatarrak egitasmoa Udaleko Gazteria Sailaren ekimenez, Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekek eta Urrestillako haur zerbitzuak. Ikasturteko bigarren saioa azaroaren 18an, ostirala, egingo dute. Oraingoan herri kirolak egingo dituzte plazan, 17:30etik 19:30era bitartean. Egitasmoa H.H 5etik L.H 6ra bitarteko haurrei eta beren gurasoei dago zuzenduta, eta parte hartzeko izena eman beharko da aurrez. 

Izena emateko orriak herriko ikastetxeetan banatuko dituzte, eta lau umeko arduradun batek ere izena eman beharko du. Azaroaren 11n amaituko da izena emateko epea. Ikastetxeetan ez ezik, Gazte Informazio Bulegoan (GIB) ere eman daiteke izena, bulegora bertaratuta, 943 15 71 60 telefonora deituta edo gib@azpeitia.eus helbidera mezua bidalita.

Ikasturte honetako aurreneko Plazatarrak urriaren 21ean egin zuten. Orduan herriko plaza eta jolastoki ezberdinak ezagutu zituzten, eta antolatzaileek azaldu dutenez "esperientzia ona" izan zen. Egitasmoaren antolatzaileek herriko haur eta gurasoak ekintza horretan parte hartzera animatu dituzte.