Egitarau oparoarekin datoz Errebaleko San Martin jaiak

Uztarria.eus 2016ko aza. 3a, 15:12

Azaroaren 11n eta 12an ospatuko dituzte Errebaleko festak, eta horretarako ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute bertako bizilagunek. Ostiraleko mus txapelketarako eta zapatuko afarirako aurrez izena eman beharko da. 

Ate joka daude Errebaleko San Martin jaiak, eta horiek ospatzeko bi eguneko egitarau oparoa prestatu dute bertako bizilagunek. Azaroaren 11n, ostirala, hasi eta zapatu gauera arte izango da zer egin eta zertaz gozatu Errebalean. 

Ostiralean, azaroaren 11n, IV. Mus Txapelketa jokatuko dute Pikua eta Urtzi tabernetan, 22:00etan hasita. Txapelketan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena, eta bikoteko 20 euro ordaindu beharko da. Txapelketaren irabazleek bildutako diruaren %50 eta txapela jasoko dituzte; bigarren sailkatzen den bikoteak, bildutako diruaren %25 eramango du; hirugarrenak %15 eta laugarrenak %10.

Zapaturako, aldiz, goizean hasi eta gauera arte hainbat ekitaldi izango dira. 11:00etan goiz eresia egingo dute txistulariek, eta jarraian, 12:00etan, ume jolasak izango dira Bustinzuriko Errebalean. Ondoren, zezen txikiek eta poniek izango dute tartea. 15:30ean, txokolatada egingo dute, eta 16:30ean sokamuturra izango da. Hura bukatzean, triki-pintxo-poteoa egingo dute Errebaleko tabernetatik, eta 21:00etan afaria egingo dute Txokoa jatetxean. Afarirako izena datorren ostegunera, hilak 10, bitartean eman ahal izango da Pikua tabernan. Eguna bukatzeko, Trini Foxek kontzertua eskainiko du 23:00etan hasita. 

Datorren zapatutik, azaroaren 5etik, aurrera, Errebaleko dendariek txartelak banatuko dizkiete bezeroei, eta bi otarre zozkatuko dituzte festetan.