Irudiak eta hitzak, bat eginik

Urola Kostako Hitza 2016ko aza. 3a, 13:27

Argazkigintza eta literatura ardatz dituen Irudhitzen lehiaketa jarri du martxan Uztarriak. Jasotako irudiekin eta testuekin 2017rako egutegia osatuko du.

Argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen Irudhitzen lehiaketa jarri du martxan Uztarria Komunikazio Taldeak, Kultur Mahaiarekin eta Argazki Elkartearekin elkarlanean. Uztarriako kide eta kazetari Maialen Etxanizek azaldu duenez, lehiaketa antolatu dute herritarren sorkuntzan eragiteko: "Lehiaketaren bidez, herritarrak euskal sorkuntzara hurbil daitezen nahi dugu. Azpeitiarrek Uztarriak sortutako proiektuetan parte hartzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, eta bide horretan dator lehiaketa hau ere. Izan ere, beharrezkoa da herritarren parte-hartzea proiektuak bizirik iraun dezan".

Lehiaketak bi atal ditu, eta aurrenekoa, irudiena, martxan da dagoeneko. Herritarrek Azpeitian ateratako argazkiak bidal ditzakete azaroaren 18ra bitartean lehiaketakuztarria@gmail.com helbidera. Uztarriako kide Maialen Etxanizen esan duenez, irudietan objektuak, pertsonak nahiz paisaiak erretratatu ditzakete parte-hartzaileek, baina "nabaritu behar da argazkia Azpeitian egindakoa dela". Gaur egun, teknologia esku-eskura izanda, argazkiak ateratzea geroz eta ohikoagoa dela esan du Uztarriako kideak. "Denok dugu mugikor bat esku artean, eta edozein une da ona argazki bat egiteko. Gainera, herrian bada argazkigintzarako zaletasuna, eta geroz eta jende gehiagok erabiltzen ditu kamerak. Horregatik, herritar oro animatu nahi dugu lehiaketan parte hartzera".

Jarraitu irakurtzen, Urola Kostako Hitzaren webgunean.