Esker oneko hitzekin ospatu dute euskara ikasten ari diren azpeitiarren festa

Uztarria.eus 2016ko urr. 28a, 20:07
Euskara ikasleek, irakasleek eta udal ordezkariek taldeko argazkia atera zuten Sanagustinen. (Julene Frantzesena)

Udal Euskaltegian zein mintzapraktika taldeetan hizkuntza ikasten edota maila hobetzen ehundik gora herritar ari dira 2016-2017 ikasturtean. Horietako asko, irakasleak eta udal ordezkariak elkartu ziren Sanagustinen atzo.

Azpeitian euskara ikasten ari diren ikasleen ikasturte hasierako festa ospatu zuten atzo, osteguna, Sanagustin kulturgunean. Josu Labaka Udaleko Euskara batzordeburuaren hitzetan, "euskara ikastera animatu zareten guztion ahalegina, eta euskalduntze eta alfabetatzearen inguruan egiten den lana balorean jartzeko" ekitaldia izan zen atzokoa, iaz lehen aldiz egindakoari jarraipena emanez. Udal Euskaltegian zein mintzapraktika taldeetan euskara ikasi edota maila hobetzeko helburuarekin ehundik gora azpeitiar ari dira 2016-2017 ikasturtean.

Aintzane Agirre euskaltegiko zuzendariak azpeitiarrak "euskaltegira etortzera animatzeko" aprobetxatu nahi izan zuen bere hitzartzea, matrikula epea bukatu arren martxan dituzten hamar taldeetan txertatzeko aukerak badaudelako oraindik. "Kanpotik gure herrira etorri zaizkigunek gure hizkuntza ikasteko orduan azaldu duten jarrera goraipatu" zuen, era berean, Agirrek. "Izan ere, herritar berri hauen konpromisoa ezinbestekoa da gure gizarteak euskaraz bizitzen jarraitzeko", esan zuen Agirrek, gainerako herritarren ekarpenaz ahaztu gabe: "Guk, euskaldunok, euskaraz jarduten dugun neurrian bultzatuko ditugu besteak ere euskaraz egitera".

Herritar horietako bat da Carmen Calzas. Mintzapraktika taldeetan dabil Calzas euskara ikasten eta bere esperientziaren berri eman zuen atzoko ekitaldian. Calzasentzat, "oso aberasgarria da, adibidez, zeurea ez den hizkuntza batean liburu bat irakurri ahal izatea. Hizkuntzek aberastu egiten gaituzte. Eta uste dut betebeharra daukagula, betebehar morala esango nuke, hartzen gaituen herrialdeko hizkuntza ikasteko, beraiek ematen ari zaizkiguna esker onez itzuli ahal izateko". Mintzapraktikako ikasle guztien izenean eskerrak eman zizkien Calzasek Udal Euskaltegiko irakasleei eta, "bereziki", mintzapraktika taldeetan boluntario aritzen diren irakasleei, "gurekin hartzen duzuen pazientziagatik, zuen denbora librean doan, astero, gurekin egoteagatik".

Eneko Etxeberria alkateak, bere aldetik, euskara ikasten ari direnei "eskerrak eman" zizkien; "plazer bat da guretzat, euskara ikastea Azpeitia eta gure kultura ezagutzeko bidea ere badelako. Ez zarete damutuko, euskararen mundua zoragarria delako", esan zien. Labakak bezala, Udal Euskaltegiko eta mintzapraktika taldeetan euskara irakasten laguntzen ari direnen lana eskertu eta goraipatu zuen alkateak.

Azalpenen ondoren, taldeko argazkia atera zuten Sanagustinen elkartutako guztiek eta, bukatzeko, mokadutxoa egiteko aukera ere izan zuten.