Udalak Kirol Mahaiarekin antolatutako lehen saio praktikoa gaur egingo dute igerilekuan

Uztarria.eus 2016ko urr. 27a, 18:01

Elikadura kirolean; erresistentzia probak izenburupean, maratoi erdia edo bestelako erresistentzia probetarako dieta, hidratazio eta suplementazioaz hitz egingo dute Aitziber Aizpuruk gidatuko duen saioan. 20:00etan izango da, igerilekuko gela urdinean.

Kirola eta kirolarien kalitatea hobetzeko formazio saioak antolatu ditu Azpeitiko Udalak, herriko Kirol Mahaiarekin elkarlanean. Eskaintza berriak bi atal ditu: kirol mahaiko kideentzat prestatutako ikastaroak, batetik; eta herritar ororentzat izango diren saio irekiak, bestetik. Eta azken horietako lehendabiziko saioa gaur, osteguna, egingo dute.

Igerilekuko gela urdinean, Elikadura kirolean; erresistentzia probak izenburupean, maratoi erdia edo bestelako erresistentzia probetarako dieta, hidratazio eta suplementazioaz hitz egingo dute, Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko duen saioan. Hitzordua 20:00etan izango da, udal igerilekuko gela urdinean.