Makina bakarrak eskuak direnean

Urola Kostako Hitza 2016ko urr. 25a, 19:02
Artiekin artisauen txokoaren ikasturte hasieran hartutako irudi bat. (Artiekin)

Soreasuko Elkargunean dagoen Artiekin artisauen txokoak ikasturte berria hasi du. Inguruko eskulangileen bilgunea da, eta beren produktuak ikusteko zein erosteko aukera dago han.

Etengabe gauzak erostera ohitu den gizarte honetan, makinak gelditu gabe ekoitzi eta ekoitzi ari direnean, ez da erraza artisautzatik bizitzea. Horretaz jakitun dira Garazi Agirre eta Ilazki Lili, Artiekin artisauen txokoko kideak. Baina uste dute kontzientziazioan zer eginik badagoela, jendeak eskuz egindako produktuak baloratzen ikas dezan. Artiekin txokoak ikasturte berriari hasiera eman berri dio, eta gogoz daude biak, proiektu berriak eskuen artean dituztela.

Iaz zabaldu zuten Artiekin, Azpeitiko Soreasu eraikineko Elkargunean. Modu horretan, azokaz azoka ibiltzeaz gain, inguruko artisauek badute beren lana erakusteko espazio bat. Elkargunearen ordutegi berean zabaltzen dute: ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:30era. Txandaka antolatzen dira bertako kideak gunearen ardura eramateko.

Lilik balorazio positiboa egin du orain artekoaz: "Balio izan digu beste artisauak ezagutzeko, bakoitzak nola funtzionatzen duen jakiteko... Guretzat babes bat da". Agirreren arabera, "nahiko ezkutuan" dagoen lekua da, eta propaganda egitea falta izan zaie, jendea erakartzeko.

Jendea erakarri nahian

Horregatik, aurten asmo berriak dituzte. Facebook bidez produktuak ikusarazten saiatuko dira, eta denboraldika material ezberdina eskaintzeko konpromisoa hartu dute. Horrez gain, tailerren bat antolatuko dute, zozketa batzuk egin...

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.