Literatura eta umorea, Liburutegiaren Eguna ospatzeko

Uztarria.eus 2016ko urr. 25a, 12:40

Atzo, urriak 24, Liburutegiaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta hori ospatzeko adin guztietako herritarrentzat hainbat egitasmoa antolatu zituzten Azpeitiko Udal Liburutegian. Haurrentzat Xalto pailazoaren emanaldia prestatu zuten, eta gazte zein helduentzat literatura solasaldia. 

17:30etarako jendea liburutegira hurbiltzen hasia zen, eta ordu erdi beranduago, 18:00etan, eman zieten hasiera prestatutako ekimenei. Ia ordubeteko emanaldia eskaini zuen Xalto pailazoak, haren ikuskizunera hurbildu ziren 100 haur ingururen gozamenerako. Ederki pasatu zuten Xaltoren istorioak entzuten, abestiak kantatzen eta dantzatzen. 

Giro lasaiagoan izan ziren literatura solasaldira hurbildu ziren lagunak. Horiek Pako Aristiren gidaritzapean Ainara Gorostizu idazlearen Aldamenekoa liburuaz aritu ziren berriketan.