Bi gizon atxilotu dituzte Landetako enpresa batean kobrea lapurtzen saiatzea egotzita

Uztarria.eus 2016ko urr. 25a, 11:47

Gertaerak igandean, urriaren 23an, jazo ziren, 19:00ak aldera. Ez da bi gizonak atxilotu dituzten lehen aldia. Izan ere, Ertzaintzak jakinarazi duenez, aurretik 48 aldiz atxilotu dituzte jabetzaren aurkako delituak egotzita.

Landeta auzoko enpresa batean kobrea lapurtzeagatik bi gizon atxilotu zituen Ertzaintzak igandean, urriaren 23an, Azpeitian. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertaerak 19:00ak aldera jazo ziren. Enpresako alarmak jo ostean, fabrikako arduradunak instalazioetara hurbildu ziren, eta hiru pertsona alde egiten ikusi zituzten. Orduan eman zieten gertatutakoaren berri Ertzaintzari, eta horiek gertaeren lekura hurbildu ziren.

Gertaeren lekura hurbildutakoan, fabrikako ate bat indarrez irekita zegoela ikusi zuten Ertzainek, eta instalazioen barruan enpresakoa ez zen furgoneta bat aurkitu zuten. Bertan ustezko lapurrek gordetako metalezko pieza batzuk bilatu zituzten, baita linterna batzuk eta hainbat erreminta ere.

Ertzaintzak lantegiaren inguruak arakatu zituen, eta Errezil ibaiaren ondoan lekukoek emandako datuekin bat egiten zuen gizon bat atzeman zuen. Ertzaintzaren arabera, gizonak ez zien azalpen koherenterik eman eta atxilotu egin zuten, indarkeria bidez lapurreta egitea leporatuta. Ustezko bigarren lapurra Jose Artetxe kaleko autobus geltokian atzeman zuten.

Ez da bi gizonak atxilotu dituzten lehen aldia. Ertzaintzak jakinarazi duenez, aurretik 48 aldiz atxilotu dituzte jabetzaren aurkako delituak egotzita. Bi gizonak epailearen esku utzi zituzten atzo, astelehena. Ertzaintzak ustezko hirugarren lapurraren bila jarraitzen du.