Añares Rioja ISBk ezin izan du liderra gainditu eta Sammic-ek lehen partida galdu du

Uztarria.eus 2016ko urr. 24a, 19:02
Añares Rioja ISBko taldekideak, igandeko partidaren aurretik. (ISB)

Xabier Chicoren neskek 59-73 galdu zuten Aros Leonen kontra Azkoitian. Iker Buenoren mutilek, berriz, Arcos Albaceteren kantxan porrot argia jaso zuten, 71-41.

Asteburua ez da ona izan raurgi Saskibaloiaren talde nagusientzat. Laugarren jardunaldiko partidak zituzten Añares Riojak LF2n eta Sammic-ek Zilarrazko LEB ligan, eta biak galtzaile izan ziren.

Emakumezkoen bigarren mailako ligan, Añares Rioja ISBk Aros Leon liderra hartu zuen igande eguerdian Azkoitiko kiroldegian. Xabier Chicoren neskek aukera zuten partida irabazi eta sailkapeneko lehen postua berreskuratzeko. Aros Leonek, ordea, bere maila erakutsi zuen eta 59-73 nagusitu zen. Erreboteetan ondo ibili zen arren, 2 eta 3 puntuko jaurtiketetan ez zen batera fin ibili Añares; Leongo taldea abilago ibili zen eta hori aprobetxatu zuen partida irabazteko. Johnson eta Taylor izan ziren onenak Iraurgin. Ligako bosgarren jardunaldian, Esplugues de Llobregatera (Bartzelona, Katalunia) joango da Añares Rioja Segle XXI taldearen aurka lehiatzeko. Bartzelonakoek, Añaresek bezala, bi garaipen lortu dituzte orain arte.

Zilarrezko LEB ligan, berriz, denboraldiko lehen partida galdu zuen Sammic ISBk Albaceten, lehen garaipena eskuratu zuen Arcosen kontra. Iraurgikoak markagailuan aurretik hasi ziren arren, Arcosek buelta eman eta azkar lortu zuen tartea irekitzea. Eta Iker Buenoren mutilek, saiatu arren, ezin izan zuten ezer egin. Jaurtiketa portzentajean eta erreboteetan etxekoak hobeto aritu ziren eta 71-41 emaitza argiarekin bukatu zen partida. Sammic-en Garcia eta Dezelski nabarmendu ziren, 12 eta 11 puntuko balorazioarekin, hurrenez hurren. Iker Buenoren taldea garaipenaren bidea berreskuratzen saiatuko da hurrengo jardunaldian, Xuven Combadosen aurka.