Azpeitiko festetako irudi zaharrak biltzen ari da So Produkzioak

Uztarria.eus 2016ko urr. 24a, 13:40
Ezkerretik eskubira, Maialen Etxaniz, Erik Aznal, Garazi Lazkano eta Anartz Izagirre.

Jaien inguruko dokumentala egiten ari dira Anartz Izagirre, Erik Aznal eta Maialen Etxaniz, Udalak eta Kultur Mahaiak emandako sorkuntza bekari esker. Herritarren adierazpenak dira dokumentalaren ardatza, eta herritarrek gordeta izan ditzaketen irudiak ere bildu nahi dituzte. 

Sansebastianetako, saninazioetako, santotomasetako nahiz karnabaletako irudi zaharrak biltzen ari dira Anartz Izagirre, Erik Aznal eta Maialen Etxaniz. So Produkzioak izenpean ari dira lanean, Azpeitiko festen inguruko dokumentala egiten. Orain herritarren ekarpenak ere jaso nahi dituzte. 

Udalak eta Kultur Mahaiak martxan jarritako Sorkuntza Bekara aurkeztu zuten festen inguruko dokumentalaren proiektua Izagirrek, Aznalek eta Etxanizek, eta azkenean diru-laguntza jaso zuten, beste lau proiekturekin batera. Garazi Lazkanok ere hartu zuen parte egitasmoaren hastapenetan, baina lan kontuengatik ezin izan du dokumentalaren proiektuarekin jarraitu. 

Orain, dokumentala osatzeko lanean ari dira, herritarren adierazpenak jasotzen eta. Erik Aznalek azaldu duenez, "herritarren adierazpenak dira dokumentalaren hari nagusia, horiek izan baitziren euren azalean festak bizi izan zituztenak. Beraiek kontatuko digute festak nolakoak ziren lehen, eta nolakoak diren orain". Hala, beraientzat festen garapenean "esanguratsuak" izan diren eragileekin harremanetan jarri dira, eta elkarrizketak egiten ari dira, kontakizunak eta iritziak biltzen. 

Adierazpenetatik abiatu badira ere, irudi grafikoak ere behar dituzte ikus-entzunezkoa osatzeko. Nicolas Oteiza Kaito zenaren artxibora jo dute oraingoz, eta haren seme Urtzi Oteizaren laguntza izango dute. "Benetan azpimarragarria da Urtzik erakutsi digun prestutasuna, eta asko eskertzen dugu", adierazi du Maialen Etxanizek. "Kultur tranmisiorako ezinbestekoa da Kaitok jaso zuen artxiboa, eta guri oso erabilgarri izango zaigu, proiektua asko jantziko baitu", esan du Anartz Izagirrek. 

Azpeitiko Argazki Elkartearengana ere jo dute hiru gazteek, baina horiek artxibo orokorrik ez dutela azaldu diete. "Argazi Elkarteak ez du artxibo orokor bat, argazkilari bakoitzak bere irudiak ditu, eta horiek dira euren argazkiak utzi edo ez erabakitzen dutenak. Ez dakigu inor prest egongo den edo ez, baina harremanetan jarri gara badaezpada", adierazi du Etxanizek. 

Herritarren artxiboa

Herritarren adierazpenak bilduko dituzten bezala, herritarrek izan ditzaketen irudiak ere bildu nahi dituzte, eta horiengana heldu nahi dute. "Norbaitek guri baliagarri izan ahal zaizkigun irudiak balitu, gurekin harremanetan jartzea nahiko genuke. Dokumentala herritarrentzat sortzen ari gara, baina herritarren ekarpenak dira proiektuaren oinarria", azaldu du Erik Aznalek.

Irudiak bakarrik ez, adierazpenak biltzeko prest ere badaude. Beraz, norbaitek So Produkzioaken lana "potoltzen lagundu" nahiko balu, soprodukzioak@gmail.com helbidera idatz dezake.