Azaroan gimnasia abdominal hipopresiboa egiteko eskaintza zabaldu du Udal Kirol Patronatuak

Uztarria.eus 2016ko urr. 20a, 13:28

Azaroko astelehenetan eta asteazkenetan eskainiko dituzte saioak, 15:15etik 16:00etara, eta izen-ematea zabalik dago. Kirol Patronatuak aurrez antolatutako beste jarduera batzuetan ere plazak libre daude, eta horietan ere izena eman daiteke oraindik. 

Urrian hasi zen Azpeitiko Udal Kirol Patronatuak antolatutako jardueren ikasturtea, baina eskaintza zabaldu nahian gimnasia abdominal hipopresiboko beste talde bat sortu du Kirol Patronatuak. Azaroan zehar astelehenetan eta asteazkenetan eskainiko dituzte eskolak, 15:15etik 16:00etara, igerilekuko eraikinean. Gimnasia abdominal hipopresiboan izena emateko epea zabalik da, eta interesa dutenek igerilekuan edo 943 81 41 21 telefonora deituta eman dezakete izena. 

Kirol Patronatuak  jakinarazi duenez, eskaintza horretaz gain, oraindik ere aurrez antolatutako jarduera batzuetan plazak gelditzen dira. Beraz, eskaintza horietan izena emateko interesa duen edonork igerilekuan eska dezake informazioa.