Trikiti eta pandero doinuek hartuko dute Azpeitia bihar, Triki Giro jaialdian

Uztarria.eus 2016ko urr. 20a, 11:37
Iazko Triki Giro jaialdia.

20:00etan hasiko da jaialdia, Urola Erdiko dozenaka trikitilari eta panderojoleen kalejirarekin. Afaria izango da ondoren, eta Erokomeri taldearen erromeriak emango dio amaiera egunari.

Bigarren urtez jarraian, Triki Giro jaialdia antolatu dute Sanagustin kulturguneak eta Urola Erdiko hainbat trikitilarik biharko, urriaren 21erako. Iaz bezala, dozenaka trikitilari eta panderojole bilduko da Azpeitian, euren afizioaz gozatzeko eta jendeari panderoaren eta trikiaren doinuekin gozarazteko. 

20:00etan emango diote hasiera prestatu duten egitarauari, trikitilarien kalejirarekin. Plazatik abiatuko dute itzulia, eta Alde Zaharreko kaleetan zehar ibiliko dira giroa alaitzen. Ondoren, 21:00ak aldera, afaltzeko tartea hartuko dute Sanagustin kulturgunean. Afarirako txartelak bukatuta daude dagoeneko, eta ehundik gora lagunek eman dute izena. 

Behin sabelak ondo beteta, erromeriaren txanda izango da, eta aurten, estreinakoz, trikitilari eta panderojole bikote gazteak igoko dira oholtzara. Honakoak izango dira erromeria eskainiko duten bikoteak: Izaro Oleaga eta Jurgi Ituarte; Eider Tolosa, Lierni Tolosa eta Enaitz Alberdi; Imanol Arizmendi eta Beñat Landa eta Haritz Garmendia eta Eneko Arbeo. Erokomeri talderen erromeriak emango dio amaiera II. Triki Giro jaialdiari.