Itziar Larrañaga: "Diputazioan ez dute inoiz onartu ez mahai-inguru bat, ez ezer, datuak mahai gainean jartzeko"

Uztarria.eus 2016ko urr. 18a, 21:51
Zabalgarbiko errauskailua. (Zorrotza.info)

Erraustegia eta osasuna biharko hitzaldian (Sanagustin, 19:00) hizlarietako bat izango da, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldean (OEIT) kide duen Xabier Mitxelenarekin eta GuraSOS-eko Joseba Belaustegirekin batera.

Zestoan familiako mediku bezala urteetan lan egin ondoren, erretiroa hartuta dago Itziar Larrañaga (Zestoa, 1953). Baina buru-belarri jarraitzen du Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldean (OEIT). Bihar, asteazkena, Elkar-ekinek eta Lapatx eta Elosiaga inguruko bizilagunek antolatu duten hitzaldian parte hartuko dutenetako bat izango da, OEITn kide duen Xabier Mitxelenarekin eta GuraSOS-eko Joseba Belaustegirekin batera. Sanagustin kulturgunean jarri dute hitzordua, 19:00etan.

Erraustegiek osasunean duten eraginaz hainbat hitzaldi ari zarete ematen, eta bihar Azpeitian ariko zarete. Zer lantzen duzue saio horietan?

OEIT-ko bi medikuk hartuko dugu parte biharko hitzaldian. Gu bioi dagokigun zatian, errausketaz eta errausketak osasunarengan zer efektu dauzkan aztertzeko egin diren ikerketen emaitzez hitz egingo dugu. Errausketaren prozesua nola ematen den eta horrek zer substantzia sortzen dituen azalduko dugu, alde batetik. Bestetik, mundu mailako bibliografia zientifikoan errausketaren eragina aztertuz egin diren ikerketa asko errebisatu ditugu; urteak eman ditugu lan horretan, kalitatezko ikerketak aukeratuz, eta horietan agertzen diren ondorioak dira mahai gainean jartzen ditugunak, jendeari informazioa helarazteko.

2000. hamarkadaren hasieran sortu zen zuen ikerketa taldea. Zer helbururekin? Zeintzuk zarete OEIT-ko kideak?

Txingudi inguruan lehen errauskailua egiteko proiektuarekin hasi zirenean, mediku talde batek erraustegien efektuak ikertu zituen. Osasunean izan zitzaketen ondorioen inguruan mundu mailako bibliografian zer egon zitekeen begiratzen hasi ziren, errausketa osasunarentzat ona ez zela zioten ahotsak ezagunak zirelako. Kalitatezko ikerketa zientifikoen bilaketa lanarekin batera beste hainbat ekimen ere sortu ziren; esate baterako, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoan sinposio bat antolatu zen gai honen gainean. Ikerketa horiek hor zeuden, baina zenbait urtez gaia eta mugimendu hori isilduta bezala egon dira, errauskailuaren proiektua bera ere geldirik bezala egon zen neurrian. Errauskailuaren proiektua berriro martxan jartzeko hotsak hasi zirenean, lehengo mediku talde hartako batzuk eta beste berri batzuk berriro elkartzen hasi ginen. Taldeak bilaketarekin jarraitzen du, mundu mailako bibliografian; eta, aldi berean, aurkitzen dugunaren berri ematen ari gara, herriz herri hitzaldiak emanez, eta gure gonbita onartu duten agintariei eta politikoei ere informazioa helarazten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietan erraustegia egiteko proiektuarekin jarraitzen du eta errausketaren ondorio kaltegarriak ukatu dituzte. Zer harrera izan duzue haien aldetik?

Ez dakit zertan oinarrituta esaten duten hori. Gonbidapenak pasatu dizkiegu, behin eta berriro, Osasun sailari, Foru Aldundiko arduradunei eta politikoei, daukagun informazioa helarazteko. Errausketak osasunean eragin garrantzitsurik ez daukala dioten argudioak mahai gainean jartzera gonbidatu ditugu, eta ez dute nahi izan gurekin datuak korroboratzea. Guk, taldean ditugun datuekin, beraiek atera dituzten argitalpenei erantzuna eman diegu, behin eta berriro. Hedabide handietan, ordea, beraienak askoz bonbo gehiagorekin irten dira; gureak, berriz, beste maila bateko hedabideetatik ari gara jendeari helarazten. Diputazioan ez dute inoiz onartu ez mahai-inguru bat, ez ezer, datu horiek mahai gainean jartzeko.

Aipatu dituzun ikerketetan oinarrituta, zuen konklusioa da erraustegiek ondorio kaltegarriak dituztela osasunarentzat. Zer ondorio?

Ikerketak erraustegiak dauden inguruetan bizi den jendearekin egiten dira. Batzuk bost kilometroko erradioan bizi den jendearekin eginda daude, beste batzuk hamar kilometroren barruan bizi direnekin, eta hiru kilometroren barruan bizi direnekin egindakoak ere badaude. Epeei dagokienez, urteetako jarraipena egin zaie ikerketa horietan aztertu diren biztanleei, erraustegietatik urrunago bizi direnekin alderatuz gaixotasun portzentajeak handiagoak diren ala ez ikusteko. Eta portzentajeetan aldeak azaltzen dira, bai: bai minbizietan, bai sortzetiko malformazioetan, bai erditze goiztiarretan, bai abortuetan... portzentajeak handiagoak dira errauskailuetatik gertu bizi direnen artean. Errauskailutik askotariko substantzia pila bat ateratzen dira; batzuk oraindik ezezagunak dira, baina beste batzuk oso ezagunak, eta gaixotasunekin lotura dutela jakina denak. Datu horiek dira guk hitzaldietan ematen ditugunak.