Argazkilaritza eta literatura uztartuko dituen 'Irudhitzen' lehiaketa jarri du abian Uztarriak

Uztarria.eus 2016ko urr. 18a, 13:46

Bi zati ditu Irudhitzen lehiaketak; alde batetik, argazki lehiaketa izango da, eta, bestetik, testu laburrena. Argazki lehiaketa martxan dago dagoeneko, eta testu lehiaketaren inguruko xehetasunak aurrerago jakinaraziko dira, Uztarria.eus-en. Arkezten diren testuekin eta irudiekin 2017ko egutegia osatuko du Uztarria Komunikazio Taldeak. 

Argazkilaritza eta literatura uztartuko dituen Irudhitzen lehiaketa jarri du abian Uztarria Komunikazio Taldeak, Azpeitiko Kultur Mahaiarekin eta Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean. Herritarrak euskarazko edukien sortzaile izatea da helburua. Hala, Azpeitian ateratako argazkiak oinarri hartuta, bi lehiaketa izango dira: testu laburren lehiaketa eta argazki lehiaketa. Azken hori martxan da dagoeneko.

Lehiaketara aurkezten diren irudi guztietatik hamabi onenak aukeratuko ditu Azpeitiko Argazki Elkarteko hainbat kidek osatutako epaimahaiak. Behin horiek hautatuta, 2017ko egutegia egingo du Uztarriak. Hamabi irudi horietatik, baina, bat nabarmenduko dute argazki elkarteko epaimahaikideek, eta irudi horren egileak 150 euroko saria eskuratuko du. Argazkiak aurkezteko azken eguna azaroaren 18a izango da. Jarraian argazki lehiaketan parte hartzeko oinarriak.

Argazki lehiaketako oinarriak 

  • Irudia Azpeitian ateratakoa izatea. Objektuak, pertsonak nahiz paisaiak izan daitezke argazkiko protagonistak, baina irudiak Azpeitian hartutakoak direla nabaritu behar da. Adibidez: barrazkilo bati ateratako argazkia bidal daiteke, baina atzean Azpeitiko txokoren bat ikusi behar da.
  • Parte hartzeko ez da ezinbestekoa azpeitiarra izatea.
  • Argazkia horizontala izatea.
  • Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bost argazki bidal ditzake.
  • Aurkezten diren irudiak argazki kamerarekin edo mugikorrarekin ateratakoak izan daitezke, baina ahalik eta kalitate handiena izan behar dute. 
  • Zuri-beltzean nahiz koloreetan bidal daitezke argazkiak. 
  • Lehiaketakuztarria@gmail.com helbidera bidali behar dira irudiak, azaroaren 18a baino lehen.

Testu laburren txanda, aurrerago

Proiektura aurkezten diren hamabi argazkirik onenak aukeratu ostean, testu laburren lehiaketa jarriko du abian Uztarriak. Parte-hartzaileek testu labur bat edo gehiago idatzi beharko dute Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek aukeratutako irudiak oinarri hartuta. Hau da, irudiei hitzak jarri beharko zaizkie. Lehiaketa horren inguruko xehetasunak aurrerako jakinaraziko ditu Uztarriak.