Nafarroa eta opera protagonista, Sahatsaren, Musika Bandaren eta Julian Barrenetxea abesbatzaren ikuskizunean

Uztarria.eus 2016ko urr. 17a, 12:02

Azpeitiko Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak, KBeat eta Azketa Ahots taldeetako kideekin batera, eta Sahatsa dantza taldeak ikuskizuna eskaini zuten joan den zapatuan, urriak 15, Soreasu antzokian. Gai bezala Nafarroa hartuta, eta operako abestiak lagun, hiru ataletan banatu zuten ikuskizuna: Bidasoa, Carmina Burana-Nabucco eta Bardeak. Guztira 120 lagun inguru igo zen Soreasuko oholtzara, ordu eta erdi inguru iraun zuen ikuskizuna eskaintzeko. Emanaldiaz gozatzera hurbildu ziren ehunka herritarren txalo artean eman zioten amaiera ikuskizunari, eta gogoan izan zituzten Udal Musika Bandaren 150. urteurrena eta Sahatsa taldearen 40. urteurrena. Udal ordezkariak ere igo ziren Soreasuko agertokira, eta lora sorta bana eman zieten Musika Bandako zuzendari Unai Frantzesenari, Julian Barrenetxea abesbatzako zuzendari Jaime Amenabarri eta Sahatsa dantza taldeko zuzendari Juan Luis Lizarberi.

Zapatukoa Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Sahatsak elkarlanean sortu duten hirugarren lana izan zen, eta duela hilabete inguru hasi ziren prestatzen. Aurrez Azkoitian egindakoak ziren, baina Azpeitian egiteko hainbat moldaketa egin zituzten. Hala, Azpeitiko erraldoiek ere ikuskizunaren parte izan ziren.