Azpeitiko hogeita hamahiru odol emaile omendu ditu Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak, Loiolan

Uztarria.eus 2016ko urr. 16a, 17:07

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Urola Kostako odol emaileak, tartean hogeita hamahiru azpeitiar, omendu ditu gaur, urriak 16, Loiolan. 12:45ean egin dute diploma banaketa, Loiolako Gogarte etxean, eta guztira 131 laguni banatu dizkiete oroigarriak, beren borondatea eskertzeko. Herriz herri banatu dituzte dominak, taldeka. Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Zumaiako, Zarauzko, Itziarko eta Getariako odol emaileak omendu dituzte.

74 laguni zilarrezko domina banatu diete, 25 ateraldi egiteagatik. Beste 35 lagunek 40 eta 50 ateraldi artean egin dituzte, eta horiek urrezko domina jaso dute. Emaile Bikainaren Saria jaso dute 60-75 odol emate egin dituzten 18 lagunek, eta ehun ateraldi egin dituzten lau laguni beste oroigarri bana eman diete.

Denen artean 5.330 odol poltsa inguru eman dituzte Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko kideek azaldu dutenez, eta 15.000 bizitza baino gehiagotan eragin ahal izan da haiei esker. "Harro sentitzeko nahiko arrazoi" dutela adierazi diete. Bestalde, gogorarazi dute odol emaile gehiagoren beharra dagoela. Hala, herritarrak, gazte zein heldu, animatu dituzte odola ematera.

Argazkietan diploma jaso duten azpeitiarrak, eta omendu dituzten Urola Kostako odol emaileak.