Lagun Onak futbol taldean zuzendaritza aldaketarik ez da, momentuz

Uztarria.eus 2016ko urr. 14a, 20:07
Joxe Angel Peña kirol arduraduna eta Mikel Izurieta presidentea, Lagun Onaken atzoko batzarrean.

Atzo egin zuten bazkideen urteko batzarraren ondoren, egungo batzarrak jarraituko du gidaritzan. Baina joan den urtean agertu zuten asmoari eusten diote Mikel Izurieta presidentearen lantaldekoek eta "jende berriaren bila" jarraituko dute. Hil honen 31 jarri dute epe berri modura.

Lagun Onak futbol taldeak atzo, osteguna, egin zuen bazkideen urteko batzarra. 2015-2016 denboraldiko kirol jardueraren berri eman eta aurreko zein hasi berri den sasoiko kontuak eta plagintzak onartzeaz gain, zuzendaritza batzordea berritzeko erabakia jarri zuten mahai gainean klubaren gaur egungo arduradunek. Momentuz, ordea, ez dago lekukoa hartuko duenik.

2011n hartu zuen Lagun Onaken gidaritza Mikel Izurieta egungo presidentearen taldeak. Beren helburua ardura horretan lau urte betetzea zen eta, horrela, iaz egin zuten zuzendaritza eskuz aldatzeko lehen saiakera, baina ez zen emaitzarik izan. "Iaz hauteskundeak egitea nahi genuen, baina ez genuen lortu, eta beste urte bat jarraituko genuela esan genuen", azaldu dio Uztarriari Izurietak. Tarte horretan "jendea bilatzen lana egin" dutela dio, baina gaur arte "ez da inor animatu. Berez, joan den ekainaren 30ean uztea zen gure nahia, baina denboraldi berria prestatzeak lana eskatzen du eta hori egin genuen", epea atzoko batzarrera atzeratuz.

Batzarrak ere, ordea, ez du erreleboari dagokionez ezer argitu, eta epe berria ezarri du egungo zuzendaritzak, aldaketa gauzatzeko; epe laburra oraingoa, urriaren 31 arte jarraitzea hitzeman dutelako. Lekukoa hartuko duen jendearen bila jarraitzen dute, horrenbestez, eta bereziki jokalarien gurasoei luzatu diete deia. "Gurasoen artean talde bat osatzea da eskatzen duguna", dio Mikel Izurietak.