'Bridget Jones Baby' eta 'Printze txikia' filmak ikusgai datozen egunetan, Soreasun

Uztarria.eus 2016ko urr. 14a, 13:03

Ohikoa baino film emanaldi bat gutxiago eskainiko dute datorren asteburuan Soreasu antzokian. Izan ere, bihar, zapatua, Julian Barrenetxea abesbatzak, Sahatsa dantza taldeak eta Udal Musika Bandak ikuskizuna eskainiko dute Soreasun 22:00etan hasita, eta horregatik bihar ez da film emanaldirik izango. 

Igandean, baina, ohiko ordutegian eskainiko dituzte filmak. 16:30ean Printze Txikia eskainiko dute, eta 19:30ean Bridget Jones Baby. Astelehenean, urriaren 17an, Bridget Jones Baby eskainiko dute berriro, 21:30ean hasita. 

Bridget Jones Baby 2016an ekoiztutako komedia generoko filma da. Bridget Jones (Renée Zellweger) zoroaren abenturek jarraitu egiten dute. 40 urterekin eta ezkondu gabe, bizitzaren etapa berri bati ekiteko prest dago. Zaindu egiten da eta lagunekin egotea du gustuko; lagun berriak ere egingo ditu. Lan kontuetan ere fin dabil eta telebistako informatiboetako produktore gisa hasiko da. Badirudi guztia kontrolpean duela behingoagatik. Lagun berri bat ezagutuko du, Jack Qwant (Patrick Dempsey) eta asko gerturatuko dira. Qwantek eta Mark Darcyk (Colin Firth), Bridget Jonesen bikote ohiak ez dute batere zerikusirik. Ezustean, ordea, haurdun dagoela jakingo du, baina ez daki aita nor den da.

Printze Txikia 2016an Frantzian ekoiztutako animaziozko filma da, Zineuskadik euskarara itzuli duena. Amak alaba hezi nahi du helduen munduan bizitzeko. Auzoan bihotz oneko aitona bat bizi da, hegazkineko pilotua izan dena. Amaren eta aitonaren ikuskerak oso ezberdinak dira. Aitonak, dena posible den mundua erakutsiko dio neskatilari, imaginazioaren mundua, emozioak biziko dituen mundua: printze txikiaren unibertsoa. Neskatoak haurtzaroa ezagutuko du modu horretan eta giza-harremanek duten garrantziaz ohartuko da.