Txisteratik Egun Magikoaren egitaraua zabaldu dute

Uztarria.eus 2016ko urr. 12a, 20:01
Txisteratik Egun Magikoaren kartela.

Urriaren 22an, zapatua, eguerditik gauera arte hainbat ekitaldi izango dira, Alde Zaharreko kaleetan, Perez Arregi plazan jarriko duten karpan eta, bukatzeko, Soreasun egingo duten galan.

Magiaz beteko da Azpeitia urriaren 22an. Aste honen hasieran zabaldutako aurrerapen bideoaren ondoren, datorren asteko zapatuan ospatuko den Txisteratik Egun Magikoaren egitarauaren berri eman dute gaur bertan. Udalak, Kulturaz kultur kooperatibak eta Alde Zaharreko hainbat tabernak babestuta, eguerditik gauera arte hainbat ekitaldi izango dira, Alde Zaharreko kaleetan, Perez Arregi plazan jarriko duten karpan eta, bukatzeko, Soreasun egingo duten galan.

Hona hemen, egitarau osoa:

Gertuko magia

  • Tor, Txoborro eta Juan Paños magoak Alde Zaharreko kaleetan ibiliko dira jendeari bertatik bertara magia eginez, 12:30etik 14:30era.

Karpa magikoa

  • David Blanco eta Perez Jaunaren karpa misteriotsuan une magikoak bizi ahal izango dira, ilusionismo teknikak eta antzerkia uztartuta. 30 minutuko bost emanaldi eskainiko dituzte, 40 ikus-entzulerentzako karpa magikoan. Perez Arregi plazan izango dira saioak, 13:00etan, 13:45ean, 17:00etan, 17:45ean eta 18:30ean.

Gala nagusia

  • Imanol Ituiño magoak aurkeztuta, hainbat magia saio izango dira D’Albeniz, Tor, Txoborro, Jon Zabal eta Marsel magoen eskutik. Manipulazioa, metamorfosia, mentalismoa... landuko dituzte.

Sarrerak salgai daude Sanagustin kulturgunean eta kulturaz.eus webgunean.