Añares Rioja eta Sammic ISB berriro irabazle

Uztarria.eus 2016ko urr. 11a, 18:37

Emakumeen Bigarren Mailako taldeak 71-60 menderatu zuen Cortegada Azkoitian, eta Zilarrezko LEB ligan Iraurgikoen gizonezkoen talde nagusiak luzapenean gainditu zuen Tarragona, etxetik kanpo, 60-63.

Bakoitzak bere ligako bigarren jardunaldia osatuta, garaipenaren bideari eusten diote Añares Rioja eta Sammic ISBk.

Liga Vigon garaipena eskuratuta hasi ostean, joan den asteburuan etxeko lehen partida jokatu zuen LF2ko taldeak, Azkoitiko kiroldegian. Galiziako beste talde bat, Vilagarcia de Arousako Cortegada, izan zuten aurrez aurre Iraurgiko emakumeek, eta irabazle atera ziren berriro, 71-60. Neurketa bikaina jokatu eta garaipen erosoa lortu zuten Xabier Chicorenek. Talde osoaren maila onaren barruan, Johnson izan zen neurketako baloratuena, 25 punturekin. Saskiratzaileei dagokienez, Taylorrek 21 puntu egin zituen eta Intza Lizarazuk 17.

Sammic ISBk, bere aldetik, CB Tarragona 2017ren kantxan jokatu zuen bigarren jardunaldiko neurketa eta, kostatuta, baina bigarren garaipena kolkoratu zuen. Berdintasuna nagusi izan zen Tarragonako partidan. Iraurgikoak bezala, katalanak ere lehen jardunaldian irabazita kantxaratu ziren. Partida osoan atzetik joan eta gero, Sammicek berdintzea lortu eta, luzapen on baten ostean, 60-63 irabazi zuen. Gaizka Maiza, 13 puntu saskiratuta, izan zen jokalari baloratuena.