Garagardo Azoka zabalik da, giro onean

Uztarria.eus 2016ko urr. 7a, 19:28
Garagardo Azokako atzo gaueko irudia. (Argazkia: Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Urrifest, VIII. Garagardo Azokak atzo zabaldu zituen ateak, Alberdieneako aparkalekuan jarri duten karpan. Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatu duen zerbeza feria sei egunez izango da irekita, eta bihar, zapatua, Mus Txapelketa Azkarra jokatuko dute, 16:00etan hasita. 

Atzo, osteguna, zabaldu zituen ateak Urrifestak, VIII. Garagardo Azokak, Alberdieneako aparkalekuan jarri duten karpan. Iraurgi Saskibaloi Taldeak Bertan Merkatari Elkartearen, Udalaren eta Tabernarien Elkartearen laguntzarekin antolatzen duen garagardo azoka sei egunez izango da zabalik, 20:00etatik aurrera: atzo, gaur, bihar, eta hilaren 11n, asteartea, 14an, ostirala, eta 15ean, zapatua. Aurten, Garagardo Azokak topaleku berria du, Berdura Plaza eraberritzeko lanak medio, Alberdienean ari baitira egiten Urrifesta.

Alberdieneako karpara gerturatzen denak hamabi garagardo mota, ukondoa, oilaskoa edota saltxitxak dastatazeko aukera izango du. Horrez gain, azoka girotzeko egunero izango da musika. Atzo, esaterako, Erokomeri taldea aritu zen; gaur, DJ Elvis Kaino; bihar, DJ Kanuto; hilaren 11n, DJ Xabifest; 14an, 80. eta 90. hamarkadetako musika festa izango da, eta azken egunean, urriaren 15ean, DJ Makala.

Karta-jokoan aritzeko parada ere izango da garagardo azokan. Bihar, urriak 8, Mus Txapelketa Azkarra jokatuko da Alberdieneako karpan, 16:00etan hasita. Alberdieneako karpan eman beharko da izena, bikoteko 20 euro ordainduta. Mus-txapelketaren ondoren, hainbat sari banatuko dituzte. Jasotako diruaren %40, txapel bana eta bi lagunentzat afaria eskuratuko ditu bikote irabazleak. Bigarren egiten dutenek, berriz, diruaren %30 eta bi lagunentzat afaria jasoko dute. Hirugarrenak diruaren %20 eta bi lagunentzat afaria lortuko ditu, eta laugarrenak diruaren %10 eta bi lagunentzat afaria.