Nola azaldu hitzez barruko mina

Urola Kostako Hitza 2016ko urr. 6a, 12:34
‘Francoren bilobari gutuna’ antzezlaneko entsegu bat, Azpeitiko Soreasu antzokian. (Ihintza Elustondo)

Francoren bilobari gutuna antzezlaneko lantaldea Azpeitian egonaldia egiten ari da larunbatera arte. Hilaren amaieran estreinatuko dute frankismoaren inguruko lana.

Frankismoa aipatu, eta amaiezina bilakatzen da giza sarraskien zerrenda. Gernika. Torturak. Erailketak. Bortxaketak. Kartzela. Haur abandonatuak. Gerra ageri da oroimenean, bere gordintasun osoan. Sufrimendua eta mina. 1936ko gerra amaitu bazen ere, haren zama bizkarrean suma daiteke oraindik, motxila bat bailitzan. Eta horri guztiari hitzak jartzea, min hori azaleratzeko modu bat izan daiteke, nolabait. Aurrera jarraitzeko bide bat. Asmo horixe du Francoren bilobari gutuna antzezlanak. Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeek elkarlanean sortu dute.

Duela bi urte inguru hasi ziren Ximun Fuchs zuzendariak buruan zerabiltzan ideiei forma ematen. Ordutik, egonaldika ari dira egiten sormen prozesua, eta, aste honetan, astelehenetik larunbatera, Azpeitian da lantaldea. Goiz eta arratsalde egiten dituzte entseguak Soreasu antzokian, eta herrian gelditzen dira gaua pasatzen. Lehen Sanagustin Kulturgunea Kooperatiba zenak eta orain Kulturaz denak sustatzen ditu halako egonaldiak. "Euskal antzerkigintza bultzatzea da asmoa, herrian dagoen azpiegitura bati probetxua ateraz", adierazi du Aitor Bengoetxea Kulturazeko programatzaileak. Azpeitiko egonaldiaren ostean, Luhusora (Lapurdi) lekualdatuko da lantaldea, eta han estreinatuko dute obra, hilaren 31n. Azaroaren 4an Azpeitian taularatuko dute, eta, ekaina bukaerara bitartean, beste 50 bat emanaldi dituzte lotuta.

Trama ospitale batean garatuko da. Pertsonaiak gaixorik daude, baina badute berezitasun bat gaixotasun horiek: indibidualak bezain kolektiboak dira. Harreman zuzena dute Euskal Herriko historiaren atal batekin: 1936ko gerran dute jatorria.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.