Covitek salaketa jarriko duela iragarri du, Urola Ikastolaren atarian ustez terrorismoa goratu dutelako

Uztarria.eus 2016ko urr. 5a, 20:50

Terrorismoaren biktimen EAEko elkarteak Espainiako Auzitegi Nazionalean jarriko du salaketa, bide penaletik, joan den asteko Gudari Egunaren harira. Gertatutakoaren berri ikasleen gurasoen bidez izan dutela esan dute.

Covite EAEko terrorismoaren biktimen elkarteak Espainiako Auzitegi Nazionalean salaketa jarriko duela iragarri du, Azpeitiko Urola Ikastolaren atarian ustez terrorismoa goratu eta biktimak umiliatu dituztela eta. Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez, joan den asteko Gudari Egunaren harira "ikastetxearen sarreran ETAko hiru kide omendu" zituztelako jarriko du salaketa Covitek; Pedro Mari Isart Pelitxo eta Angel Otaegi aipatzen ditu Covitek.

Gertatutakoaren berri ikasleen gurasoen bidez jakin dutela ere azaldu du Covitek. Elkartearen arabera, gurasoek euren "babesgabetasuna" adierazi diete, "umeek ETAko presoen aldeko manifestazioetara joateko etengabeko presioak jasotzen" dituztelako.

Bide penaletik jarriko du salaketa Covitek, "dagokion ikerketa zabaltzeko, gertatutakoa argitzeko eta delituaren arrastoa jarraitzeko".