Bihar bukatuko da Udal Euskaltegian izena emateko epea

Uztarria.eus 2016ko ira. 29a, 19:32

"Euskara ikasteko eskaintza zabala, egokia eta doakoa eskaintzea da gure helburua. Ulertzen dugu euskara gizarte kohesiorako elementu garrantzitsua dela, eta ahalegin berezia egiten dugu herritar guztien euskalduntzea ahalbidetzeko", adierazi du Josu Labaka Udaleko Euskara batzordeburuak.

Bihar, irailarekin batera, bukatuko da Azpeitiko Udal Euskaltegian 2016-2017 ikasturterako izena emateko epea. HABEko maila guztiak egiteko, eta dagokion tituluak eskuratzeko aukera eskaintzen dute Udal Euskaltegian; guztira, 30 ikastaro baino gehiago eskaintzen dituzte.

Josu Labaka Euskara zinegotziaren hitzetan, "Azpeitia herri euskalduna da, euskararen arnasguneetako bat, eta horrela izaten segitzea nahi dugu. Horretarako euskara ikasteko eskaintza zabala, egokia eta doakoa eskaintzea da gure helburua. Ulertzen dugu euskara gizarte kohesiorako elementu garrantzitsua dela, eta ahalegin berezia egiten dugu herritar guztien euskalduntzea ahalbidetzeko".

Mintzalagun programa indartzeko apustua

Ikasturte honetan, Mintzalagun programa ere bere baitan hartuko du Azpeitiko Udal Euskaltegiak. Mintzalagunen bidez, euskaldun zaharrak eta berriak elkartu eta lagun giroan euskaraz aritzen dira. Euskaraz hitz egiteko aukera egin edo euskaraz aritzeko erraztasuna trebatzea du helburu egitasmoak.

"Hainbat herritarrek beren borondatez jarri zuten egitasmoa abian, eta guk, euskaltegitik bat egin eta indartu nahi dugu", adierazi du Labakak. Horretarako, euskaldun zahar zein berriak animatu nahi ditu izena ematera: "Egitasmo polita da oso. Gure aberastasuna, hizkuntza, zubi da lagun berriak egin eta askorentzat euskaraz lagunartean aritzeko, eta txalotzekoa da orain artean beren borondatez egitasmo hau martxan jarri dutenen lana", gaineratu du Euskara batzordeburuak. Iaz jarri zen egitasmoa abian, zailtasun berdinak dituzten pertsonak taldearen babesean euskaraz aritzeko helburuarekin; balorazio positiboa egin izan dute antolatzaileek, eta jarraitzea erabaki dute.

Mintzalaguneko parte izan nahi duten euskaldun berri zein zaharrek honako telefonoetara deitu dezakete: 685720272 eta 943811947 (Udal Euskaltegia). Astero, ordu eta erdiko saioa egin ohi dute.