Imanol Lasa diputatuari euren eskaerak helarazi dizkiote herritarrek

Uztarria.eus 2016ko ira. 27a, 19:39

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aurrekontu Irekiak egitasmoaren karpa Azpeitian dago gaur, asteartea; Olazko Andre Mariaren plazan jarri dute, eta 19:00ak arte irekita egongo da, nahi duten herritarrek informazioa jaso edota ekarpenak egin ditzaten.

Eguerdian, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua karpan izan da. Prentsari egitasmoaren berri emateaz gain, hainbat herritarrekin elkartu da Lasa. Hain zuzen ere, eta besteak beste, Urrestillako, Nuarbeko eta Lasaoko elkarteetako kideak karpan izan dira (argazkian), beren eskaera nagusiak diputatuari helarazteko. Urrestillako Zurrunbillue elkarteak sare sozialetan azaldu duenez, "Urrestillako bidegorriaren lehentasuna azpimarratzeko eta bide batez erregistratu genituen 900 sinadurei erantzun ofizial bat emateko eskatu", diote diputatuari. Nuarbeko ordezkariek, berriz, ur horniduraren eta Urrestilla bitarteko errepidearen egoera eskasak ekarri dizkiote gogora. Eta Lasaokoek, azkenik, bidegorriaren lotunea jarri dute mahaiaren gainean, Diputazioak errepide gainetik aurreikusita duena baztertu eta trenbide ondoko tuneletik egiteko eskatuz.