Argazkilaritza tailerra eskainiko du Bernard Testemalek ostiralean

Uztarria.eus 2016ko ira. 27a, 12:13

Gaztelekuan izango da ikastaroa, 18:00etan hasita. 12 urtetik gorako herritar orok eman dezake izena, eta saioa doakoa izango da. Bernard Testemalek sarri erabili izan duen kolodoi plaken argazkilaritza teknika azalduko du, besteak beste. 

The Big Wave Riders of Hawaii argazkilaritza tailerra eskainiko du Bernard Testemale argazkilariak ostiralean, hilaren 30ean, 18:00etan hasita, Azpeitiko Gaztelekuan. 12 urtetik gorako edozein herritarrek har dezake parte bertan, eta bi ordu inguru iraungo du ikastaroak.

Bernard Testemalek bere ibilbide profesionalaz hitz egingo du aurrena, eta ondoren ibilbide horretan landu dituen hainbat argazkilaritza tekniken berri emango du. Testemalek kolodoi plakak erabili ditu The Big Wave Riders of Hawaii lana osatzeko, eta horren inguruan arituko da ostiralean. Koloreen tenperaturarekin, zilar kolorearekin nahiz beltzarekin jolastuz, argazki zaharkituen efektua lortzen duen teknika da. 

Argazkilaritza teknika hori erakusteaz gain, haren lana ezagutzeko aukera izango da ostiralean. Hawaiko kultura eta surfa du oinarri Testemaleren The Big Wave Riders of Hawaii lanak.

Ikastaroan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, eta horretarako azken eguna osteguna, irailak 29, izango da. Izena emateko edo informazio gehiagorako abengoetxea@kulturaz.eus helbidera idatzi, edo 943 15 71 61 zenbakira deitu behar da.

Testemaleren lanen inguruko informazio gehiago, hemen