Foru Aldundiaren aurrekontu irekien karpa Azpeitian jarriko dute bihar

Uztarria.eus 2016ko ira. 26a, 19:25

Diputazioaren aurrekontu proposamenari buruzko iritzia emateko partaidetza ekimena abian du erakundeak eta, besteak beste, herriz herri dabil karpa ibiltaria. Olazko Andre Mariaren plazan izango da asteartean.

Bihar, asteartea, Azpeitian jarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiak Aurrekontu Irekiak izeneko partaidetza ekimenaren barruan herriz herri darabilen karpa ibiltaria.

2017ko foru aurrekontu proposamenaren gainean herritarren iritzia jasotzeko asmoarekin, abuztu amaieran aurkeztu zuen Diputazioak ekimena. 16 urtetik gorako gipuzkoarrek daukate parte hartzeko aukera eta horretarako hiru bide jarri ditu Aldundiak: etxez etxe banatutako eskuorriak, Internet (Gipuzkoa.eus atariko Partaidetza ataleko webgune honetan) eta bihar Azpeitira iritsiko den karpa ibiltaria.

Olazko Andre Mariaren plazan jarriko dute Diputazioaren aurrekontu irekien karpa. Bertan, egitasmoaren informazioa jaso zein iritzia emanez parte hartzeko modua izango dute herritarrek. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua ere Azpeitira etorriko da bihar, besteak beste prentsari egitasmoaren berri emateko.