Herritarren etxebizitza beharrak aztertuko ditu Udalak datozen hilabeteetan

Uztarria.eus 2016ko ira. 26a, 16:17
Aitor Bereziartua, Josu Labaka eta Ainara LarraƱaga zinegotziak, gaur, astelehena, egindako agerraldian. (Azpeitiko Udala)

Herritarren iritziak eta beharrak ezagutzeko bi bide erabiliko dituzte: Gaindegiaren bidez datuen konparaketa egitea eta herritarrekin zuzeneko inkestak egitea. Behin herritarren iritziak jasota, etorkizunean hartu beharreko neurriak aztertuko dituzte. Gazteak inkestetan parte hartzera deitu ditu Udalak

Hurrengo hilabeteetan herritarren etxebizitza beharrak aztertuko ditu Azpeitiko Udalak. "Azken urteotan,  bestelako etxebizitza politika bat garatzeko bestelako pausoak eman ditu Azpeitiko Udalak. Hala, etxe hutsak merkaturatu asmoz errekargoa ezarri da, eta alokairua sustatzeko laguntzak eskani dira. Orain beste urrats bat egin eta etxebizitzen inguruko azterketa egingo dugu", azaldu du Josu Labaka zinegotziak. "Programan etxebizitzen inguruko inkesta egingo genuela adierazi genuen, eta horixe egitera gatoz. Hurrengo pausoak emateko beharrezko ikusten dugu herritarren nahiak eta beharrak zeintzuk diren jakitea, horien arabera egitekoak planifikatzeko eta hurrengo urratsak emateko", gaineratu du Labakak.  Horretarako herritarren iritziak eta ekarpenak jasoko dituzte, bi bide erabiliz.

Gaindegiaren (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia) bidez Udalak dituen datuen kontrastea egingo dute. Hori ikerketa teknikoa izango da, eta hainbat datu ikertuz egingo dute.

Alde batetik, etxebizitza hutsen katalogazioa egingo dute, eta helburua da inor erroldatu gabeko etxebizitzak atzematea, ondoren aukera duten etxebizitzak merkaturatzeko. Bestalde, Azpeitiko gazteen prospektiba sozio-demografikoa egingo dute. "2026ra bitartean Azpeitiko belaunaldi gazteen prospektiba demografikoa eta emantzipatorioa aurreikustea da helburua. Hau da, identifikatzea zenbat herritar izango diren gazteen multzoan eta zein auzotan, eta emantzipazio joeraren bolumena urtez urte zein izango den atzematea, baita biztanle mugimenduarena ere", azaldu du Aitor Bereziartua zinegotziak. 

Bestalde, Alde Zaharreko eta Landeta auzoko etxebizitzen erabilera mailaren azterketa, katalogazioa eta azterketa sozio demografikoa egingo dute. "Lan horren xedea da Alde Zaharreko eta Landetako etxebizitzak eta pabilioiak aktibitate mailaren arabera katalogatzea, egungo egoeraren argazki zehatza egitea eta Udal kudeaketarako tresna bat sortzea", azaldu du Bereziartuak. Landetaren kasuan, bertako biztanleen etxebizitza eta ezaugarri sozio-demografikoak ezagutzea ere nahi du Udalak, baita Alde Zaharreko populazioaren argazki xehea lortzea ere. 

Inkesta bidezko datu bilketa

Ikerketa teknikoa egiteaz gain, herritarrekin zuzeneko inkestak egingo dituzte. Helburua da herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzea etorkizunean etxebizitzen inguruan hartu beharreko neurriak zeintzuk diren identifikatzeko eta ondoren aurrera eramateko.

Datozen egunetan herriko etxe guztietara gutuna bidaliko du Udalak inkestaren berri emanez, eta datorren astean hasiko dira herritarren iritziak jasotzen. Aitor Bereziartuak azaldu duenez, "700 etxebizitza aukeratu dira ausaz, eta etxe horietako bizilagunei beren iritzia eskatuko zaie. Galderei dagokionez, etxe horretako beharren edo nahien inguruko galderak egiteaz gain, orokorrean, herritarrei Azpeitiko etxebizitza beharren inguruko galderak egingo zaizkie". 

Inkestak anonimoak izango direla jakinarazi dute, eta erantzutea borondatezkoa dela nabarmendu dute. Hala ere, "herritarrei minutu gutxi batzuk eskaini" eta inkestak erantzuteko tartea hartzeko eskatu nahi die Udalak. 

"Gazteentzat aukera"

Inkesta horien bitartez, gazteek etorkizun "hurbileko etxebizitza politikan eragiteko aukera erreala" dutela azaldu du Ainara Larrañaga zinegotziak: " Udalaren nahia gazte azpeitiarrak bertan bizi eta lan egiteko aukera izatea. Udaletik uste dugu inkesta honen bidez gazteek aukera erreala dutela etorkizun hurbileko etxebizitza politikan eragiteko. Horregatik, gazteei inkestan parte aktibo izateko eta parte hartzeko eskatu nahi diegu Udaletik".