Musikaz jantzi da Azpeitia, banden arteko alardean

Uztarria.eus 2016ko ira. 24a, 21:14

Musika banden arteko alardea egin dute gaur, zapatua, Azpeitian, herriko Udal Musika Bandaren 150. urteurrenaren harira. Zumarragako, Zestoako, Getariako, Azkoitiko eta Azpeitiko bandek hartu dute parte egitasmoan, eta musikaz jantzi dute Azpeitia. Musikari guztiak bildu ostean, 18:00etan Goizeko Izarra martxa jo dute bost bandek batera, Unai Frantzesenaren zuzendaritzapean. Ondoren, Azpeitira etorri diren lau bandek kalejira egin dute kaleetan zehar, eta 18:30ak aldera plazan elkartu dira guztiak berriro. Mokadutxorako tartea hartu ostean, hamar minutuko kontzertua eskaini du musika banda bakoitzak plazan, eta herritar andana hurbildu da ikuskizunaz gozatzera.