Ospakizunarekin jarraitzen dute 50eko eta 60ko hamarkadetan Azpeitira etorritako herritarrek

Uztarria.eus 2016ko ira. 24a, 17:46

50eko eta 60ko hamarkadetan batez ere Galizia, Gaztela, Extremadura eta Andaluziatik Azpeitira etorritako herritarrek ospakizunarekin jarraitzen dute gaur, zapatua. Hala, herri bazkaria egin dute plazan, eta eguraldia lagun dozenaka lagun bildu dira prestatutako jakiak dastatzera. Urte haietan Azpeitira etorri ziren herritarrez gain, horien senitartekoak nahiz Udal ordezkariak ere izan dira bazkarian. 

Atzo, hilak 23, Udalak omenaldia egin zien 50. eta 60. hamarkadetan Azpeitira etorritako herritarrei, herriari egin dioten ekarpena aitortzeko. Ondoren, Altzakillo taldeak dantza emanaldia eskaini zuen plazan, eta Kiko Venenoren kontzertuarekin amaitu zuten atzorako prestatuta zuten egitaraua. Gaur eman diote jarraipena egitasmoei bazkariarekin, eta arratsaldean animazioarekin amaituko dute prestatutako egitaraua.