Asteburuan amaituko da Azoka Herritik menuen eskaintza

Uztarria.eus 2016ko ira. 23a, 14:29

Garaian garaiko eta azokan erosi daitezkeen produktuekin osatu dituzte menuak herriko bost jatetxek, Azoka Herritik egitasmoaren bueltan. Gaur, bihar eta etzi izango da menu horiek dastatzeko azken aukera.

Urola Gustagarriren eskutik eta Azoka Herritik egitasmoaren baitan, Azoka Herritik menuak dastatzeko aukera izan zen joan den asteburuan herriko bost jatetxetan, eta gaur, bihar eta igandean ere eskaintza hortaz gozatzeko aukera izango da. 

Bertakoa erosi, prestatu, dastatu…gozatu! lemapean prestatu dituzte menuak Kikuri, Larrañaga, Mikel Uria eta Sagasti Zahar jatetxeek eta Azpeitiko Kiroldegiko tabernak. Garaian garaiko eta azokan erosi ahal diren produktuekin egin dituzte menuak. 

Honakoak dira eskaintzen dituzten menuak:

-Azpeitiko kiroldegiko taberna: Entsalada nahasia, hemengo saiheskia parrilan patatekin eta piperradarekin eta Aitzarte gazta (artzain gazta) irasagar-orearekin.

-Kiruri: Txangurru entsalada, arkumea etxeko erara eta mango sorbetea.

-Larrañaga: Onddo budina, txahal txuleta parrilan eta mami sorbetea.

-Mikel Uria: Alberjinia pastela onddo kremarekin, hegaluzea parrilan tomate konpotarekin eta jogurt moussea mugurdi eta fruitu gorrien saltsarekin.

-Sagasti Zahar: Salmorejoa, tosta eta mamiaren eta garaiko fruituen sorbetea.