Mikel Aranguren Donostiako Elizbarrutiko ebanjelizatze pastoraltzako bikario izendatu dute

Uztarria.eus 2016ko ira. 21a, 20:00
Mikel Aranguren.

Jose Ignacio Munilla gotzainak bikaritzetan egin duen berrantolaketaren ondoren, pastoraltzarako hiru bikarioetako bat izango da azpeitiar apaiza.

Mikel Aranguren (Azpeitia, 1981) Donostiako Elizbarrutiko Pastoraltza adarreko hiru bikarioetako bat izango da aurrerantzean. Elizbarrutiaren antolaketan aldaketak egin berri ditu Jose Ignacio Munilla gotzainak: orain arte pastoraltzako bikario zen Juan Maria Olaetxea Garaikoetxea bikario nagusi izendatu du, eta aipatutako pastoraltzako bikaritza hiru adarretan banatu du, beste horrenbeste bikario izendatuz.

Horietako bat da Aranguren. Azpeitiarra pastoraltzako ebanjelizatze arloko bikarioa izango da, hain zuzen ere. Haurren katekesirako, gazteen pastoraltzarako, unibertsitate pastoraltzarako, irakaskuntzarako, bokazio pastoraltzarako, ezkontza, familia eta bizitza pastoraltzarako, eta helduen katekumenotzarako Elizbarrutiko zerbitzuak egongo dira, besteak beste, Arangurenen ardurapean.

2015eko irailean apaiztu zen Mikel Aranguren. Joan den apirileko Uztarria aldizkarian hari egindako elkarrizketa irakur daiteke hemen.