Azpeitiko kartzelan hildako preso errepublikarrak omenduko dituzte ostiralean

Uztarria.eus 2016ko ira. 20a, 19:53
Eneko Etxeberria alkatea, ekitaldiko afitxa eskuetan duela, eta Aranzadiko Javi Buces eta Juantxo Agirre anbulatorio aurrean, Andaluziako banderarekin.

Juan Casado Lorite, Francisco Delfa Fernandez, Francisca Galvez Vazquez, Luis Palomino Gutierrez, Juan Morales Artiles, Eusebia Delgado Pérez eta Manuel Martin Martinez dira omenduko dituztenak. Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu duten ekitaldian haietako batzuen oinordekoek hartuko dute parte, baita Kirmen Uribe poetak ere. Kartzela zenaren aurrean izango da, gaur egungo anbulatorioaren atarian, 19:00etan.

Herriko memoria historikoa berreskuratzeko eta zabaltzeko egiten ari diren lanaren barruan, omenaldi ekitaldi berri bat antolatu dute elkarlanean Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Espainiako Gerra Zibilaren garaian Azpeitiko kartzelan hil ziren preso errepublikarrak omentzeko ekitaldia izango da eta ostiralean, irailak 23, egingo dute kartzela hura egon zen eraikinaren aurrean, gaur egungo anbulatorioaren atarian, 19:00etan hasita.

Aranzadik jasotako datuei esker, Azpeitiko kartzelan hil ziren zazpi preso errepublikarrak identifikatu dituzte: Juan Casado Lorite, Francisco Delfa Fernandez, Francisca Galvez Vazquez, Luis Palomino Gutierrez, Juan Morales Artiles, Eusebia Delgado Pérez eta Manuel Martin Martinez.

Egun seinalatua

Gaur, irailak 20, tropa frankistak Azpeitian sartu zireneko 80. urteurrena betetzen den egunean, eman dute Eneko Etxeberria alkateak eta Aranzadiko Javi Bucesek eta Juantxo Agirrek ostiraleko ekitaldiaren berri, anbulatorio atarian bertan. "Gaurko egunez sartu ziren tropa frankistak Azpeitira, eta frankistek ireki zituzten eraikin honetan kartzela eta epaitegia", gogoratu du Etxeberriak. Aranzadi Zientzia Elkartearekin Udalak duen elkarlana ere gogora ekarri nahi izan du: "Azken urteotan artxibo lan handia egiten ari da Aranzadi Azpeitiko historia ezagutu eta zabaltzeko, eta Aranzadiri esker lortu dugu Azpeitiko kartzelan hildako zazpi lagunak identifikatzea eta horietako biren ondorengoekin harremanetan jartzea". Hain zuzen ere, ostiraleko ekitaldian parte hartuko dute hildakoen oinordekoek; musikak eta poesiak ere izango dute tartea, Kirmen Uriberen eskutik, besteak beste.

Zazpi hildakoetatik lau andaluziarrak ziren, "Jaen ingurukoak". Horregatik izan da "proiektu berezia eta hunkigarria" Javi Buces Aranzadiko historialariarentzat. "Andaluziarra izanik, niretzat oso proiektu berezia izan da hau. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiot Udalari", esan du. Hildako zazpi lagunez gain, Azpeitiko kartzelan beste 100 preso errepublikar egon zirela ere gogoratu du Bucesek, "beren etxeetatik urrun".

"Egiak ez du mugarik"

Azpeitia 1936-1945 liburua egiterakoan jaso zituzten herriko kartzelan preso eduki zituztenen datuak. Zazpiak  gaixoketen ondorioz hil zirela jakin zuten orduan -sei Azpeitian bertan, eta zazpigarrena gaixo larri Donostiara eraman ondoren-, eta bi emakumeak zirela.

Datu horietatik abiatuta, hildako presoak identifikatzeko lanari ekin zioten Aranzadikoek. "Identifikatu ostean, familien bila hasi ginen. Haien jaioterrietako udalekin eta memoria historikoa lantzen duten Andaluziako elkarteekin jarri ginen harremanetan, eta bi familia aurkitu ditugu", azaldu du Bucesek.

Jauntxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkartearen idazkariak, berriz, "egia bilatzen" dutela nabarmendu du. "Eta egiak ez du mugarik: ez lurraldetasun mugarik, ez ideologia mugarik, ez eta generorik. Guk pertsonen egiak bilatzen ditugu. Azpeitiko kasuan, kanpotar ugari izan zen preso kartzelan, eta beren giza-eskubideak urratuta izan zituzten", adierazi du, Aranzadik eta Udalak "egia bilatzeko irizpide bera" dutela gaineratuz.