Kaleak musikaz beteko dira zapatuan, musika banden arteko alardean

Uztarria.eus 2016ko ira. 20a, 16:20

Azpeitiko, Azkoitiko, Zumarragako, Zestoako eta Getariako musika bandek hartuko dute parte zapatuan egingo duten alardean. Kalejira egingo dute Alde Zaharrean, eta kontzertua eskainiko dute plazan. Azpeitiko Udal Musika Bandaren 150. urteurrenaren harira antolatu dute ekimena. 

Musika banden arteko alardeak hartuko ditu Azpeitiko kaleak zapatuan, hilaren 24an. Azpeitiko Udal Musika Bandaren 150. urteurrenaren harira antolatu dute ekimena, eta bertan parte hartuko dute Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Zumarragako eta Getariako musika bandek. 

1998. urtean egin zen azkenekoz musika banden arteko alardea Azpeitian, eta hala, antolatutako egitasmo honekin, ohiturak berreskuratuko dituzte. "Euskal Herrian ez dago halakoak egiteko ohiturarik. Guztira 200 musikari arituko gara musika pieza ezberdinak jotzen", azaldu du Agustin Jimenez Azpeitiko bandako kideak. Horrez gain, hasiera "ikusgarria" izango dela aurreratu du. Izan ere, bost bandek batera Goizeko Izarra martxa joko dute. 

Ondoren, 18:00etan hasita, kalejira egingo dute Azpeitira etorritako lau bandek. Zestoako eta Getariako musika bandak Alde Zaharrean ibiliko dira, eta Azkoitikoa eta Zumarragakoa Goiko Kalean. Behin kalejira amaituta, mokadutxoa egingo dute 18:30ean, eta 19:00etan, banda bakoitzak bi abestiz osatutako 10 minutu inguruko kontzertua eskainiko du, plazan. Amaitzeko, Plazara martxa joko dute bost musika bandek elkarrekin, Unai Frantzesenaren gidaritzapean. Egitasmoa festa giroan amaitzeko, Añota Sagardotegian afalduko dute musikari guztiek. Eneko Etxeberriak "eskerrak" eman dizkie bandako kideei egindako lanagatik, eta horiek egindako lanak aitorpena merezi duela aipatu du. Horrez gain, antolatutako egitasmoan parte hartzera animatu ditu herritarrak nahiz bisitariak: "Egitasmo berezia da banden arteko alardea, egunero ez dira bost banda elkarrekin jotzen ikusten, eta Azpeitira gerturatzeko arrazoi polita da larunbatekoa". 

Egitasmo ezberdinak, urteurrenaren bueltan

Azpeitiko Udal Musika Bandak 150. urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko, bandako kideek talde txikietan bilduta, hainbat ekimen prestatu dituzte urte amaiera bitarterako. Urtea hasi zenetik, poteo musikatua, Azpeitiko monumentu historikoetatik bira musikatua, trenbidearen inguruko musika kontzertua eta Zinebanda egitasmoa eskaini dituzte, besteak beste. Oraingoan, Alardearen txanda da, eta datozen hilabeteetarako ere hainbat egitasmo prestatu dituzte. 

"Urrian Sahatsa Dantza Taldearekin batera emanaldi bat eskainiko dugu. Santa Zezilia ere berezia izango da aurten, bandako kide izandakoekin bilduko baikara. Horrez gain, abendurako kontzertu berezi bat prestatzen ari gara, urteari amaiera emateko", azaldu du Agustin Jimenezek. 

Antolatutako ekimenek "lan handia eskatu" dutela azaldu du Unai Frantzesenak, baina horiek aurrera eramateko bandako kideak "lan izugarria" egiten ari direla azpimarratu du.