Maddalen Iriarte Tecnalia Research & Innovation zentro teknologikoan izan da

Uztarria.eus 2016ko ira. 19a, 18:43

Maddalen Iriarte, EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua, Azpeitian izan da gaur eguerdian, hilaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetarako kanpainaren barruan. Tecnalia Research & Innovation zentro teknologikoak Anardi industriagunean duen egoitza bisitatu du, hain zuzen ere, Iriartek. Bisitaren ostean prentsari egindako adierazpenetan, Eusko Jaurlaritzak enplegurako duen estrategia "ez dela egokia" adierazi du EH Bilduren hautagaiak. Iriarteren esanetan, "industria sektorearen beherakada oso kezkagarria da, %23a galdu da azkeneko bi legegintzaldietan". Enplegua sortzeko orduan EAE "Espainiaren ajeak" hartzen ari dela salatu du, eta EH Bilduk "Europaren pare egotea" nahi duela. "Gure ekonomian turismoak eta zerbitzuek gero eta pisu handiagoa" dutela azaldu du, "estatu espainolean bezala. Horrela jarraituz gero, ez dugu behar bezala garatuko herri honek duen potentziala", gaineratu du.

Argazkian, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearekin eta Oihane Zabaleta EH Bilduren bozeramailearekin, Tecnalia atarian. (Argazkia: EH Bildu)