2017ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak badu data

Uztarria.eus 2016ko ira. 19a, 18:12
Emmanuel Bett, aurtengo maratoi erdiaren irabazlea, helmugara iristen. Azken bi edizioak irabazi ditu Keniakoak.

Diego Garciaren oroimenezko lasterketaren XXIV. edizioa apirilaren 1ean, zapatua, jokatuko da, antolatzaileek gaur jakinarazi dutenez.

2017ko apirilaren 1ean, zapatua, izango da Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdiaren hurrengo edizioa. Hala jakinarazi dute antolatzaileek gaur, astelehena, Espainiako Atletismo Federazioak datorren urteko lasterketen egutegia plazaratu ondoren.

"Beste urte batez, dagoeneko lanean ari gara goi mailako korrikalariak gurera ekartzeko, lasterketa eder bat antolatzeko asmotan", adierazi dute maratoi erdiaren arduranek. "Euskal Herriko errepideko lasterketa onena" denak maila horri eustea da antolatzaileen helburua. Diego Garcia zenaren oroimenez egiten den probak XXIV. edizioa beteko du 2017an eta, ohi bezala, atleta herrikoiekin batera distantzia luzeetan puntan ibiltzen diren nazioarteko korrikalariak ekarri nahi dituzte antolatzaileek.

Azken urteetako Azkoitia-Azpeitiaren mailaren erakusgarri, munduko maratoi erdi onentsuena den Kopenhagen-ekoan (Danimarka) atzo izandako emaitzak gogora ekarri dituzte antolaketaren arduradunek. Kopenhagen, izan ere, sailkapeneko aurreneko hamarren artean sartu ziren Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian aritutako lau atleta: Stephen Kibet (2010eko irabazlea) bigarrena izan zen, Edwin Kipsang zazpigarrena, Thomas Ayeko zortzigarrena, eta hamargarren tokian sailkatu zen Alex Korio Oloitiptip. Danimarkan parte hartu zutenak ez ezik, Azpeitia-Azkoitian aritutako Elena Congost ere "zoriondu" nahi izan dute maratoi erdikoek, Rioko Joko Paralinpikoetako maratoian urrezko domina eskuratu baitu.