Udal Euskaltegian matrikula egiteko epea irailaren 30ean bukatuko da

Uztarria.eus 2016ko ira. 16a, 18:50
Udal euskaltegien 2016-2017 ikasturterako matrikulazio kanpainaren kartela.

HABEren maila guztiak egiteko eta maila horietako tituluak eskuratzeko aukera eskainiko dute aurten ere. Guztira, 30 ikastarotik gora dituzte aukeran, tituluren bat eskuratzeko nahiz euskara maila hobetzeko eta sakontzeko ikastaroak. 2016-2017 ikasturteko berrikuntza, berriz, Mintzalagun taldeak izango dira.

Azpeitiko Udal Euskaltegian zabalik dute 2016-2017 ikasturterako matrikulazioa. 32. ikasturtea izango dute hau Udal Euskaltegian eta, oraingoan ere, HABEren maila guztiak egiteko eta maila horietako tituluak eskuratzeko aukera eskainiko dute: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2. Joan den ikasturtean lehen aldiz egin zen bezala, aurten ere A1 eta A2 mailatan dabiltzan ikasleek, euren maila gainditzean, dagokien ziurtagiria jasoko dute, gainerako maila guztietakoek bezala.

Guztira, 30 ikastarotik gora izango dituzte aukeran Udal Euskaltegian ikasturte berrian, tituluren bat eskuratzeko nahiz euskara maila hobetzeko eta sakontzeko ikastaroak. 2016-2017 ikasturteko eskaintzaren berrikuntza nagusia, berriz, Mintzalagun taldeak izango dira. "Euskaraz moldatu bai, baina gehiago hitz egin nahi duen edonor gonbidatu nahi dugu talde hauetan parte hartzera. Izan ere, aurtengo leloak dioen bezala, hizkuntza guztiak bezala, euskara erabiltzeko da; beraz, erabil dezagun guztiok", diote euskaltegiko arduradunek.

Bekak eta diru-laguntzak

Urtero bezala, euskara ikasteko edota hobetzeko matrikulatzen direnek bekak eta diru-laguntzak jasotzeko aukera izango dute. Azpeitian erroldatuta egon eta ikasturtean zehar %85eko asistentzia erreala izatea lortzen duten ikasleek, ikasturte amaieran matrikulagatik ordaindu duten diru guztia berreskuratu ahal izango dute, nahiz eta hasieran ordaindu egin beharko duten matrikula.

Azpeitian erroldatuta egon eta langabezian daudenek, berriz, ez dute ikastaroarengatik ezer ordaindu beharrik izango, baina kasu horretan ere gutxieneko asistentziaren baldintza bete beharko dute, behintzat.

Irailaren 30a arte

Irailaren 30a arte egongo da irekita Udal Euskaltegian matrikula egiteko epea. Izena eman edota informazioa eskuratu nahi dutenek, euskaltegira joanda egin dezakete (Perdillegi, 1), 943811947 telefonora deituta ere bai, edo euskaltegia@erabili.eus helbidera idatzita.