Formakuntza ikastaroen programa sendotu du Udalak

Uztarria.eus 2016ko ira. 16a, 18:11
Leire Goenaga eta Estitxu Elduaien zinegotziak, gaurko prentsaurrekoan.

Lana topatzeko, lana hobetzeko edo euskaldunak ez direnentzat lanerako euskara ikasteko saioak antolatu dituzte. Horrez gain, aisialdirako, hezkuntzarako edo garapen pertsonalerako ikastaroak ere izango dira. Eskoletan parte hartzeko izen-ematea zabalik da dagoeneko.

Langabetuei eta landunei zuzendutako formakuntza ikastaroen eskaintza zabaldu du Azpeitiko Udalak. "Langabeziari aurre egitea Udalaren lehentasuna da, eta erronka horretan formazioak garrantzi handia du. Horregatik, 200.000 euroko partida dugu aurtengo aurrekontuetan arlo hori sendotzeko", adierazi du Estitxu Elduaien zinegotziak. Hala, "lana topatzeko edo lana hobetzeko" ikastaroen eskaintza zabaldu du Udalak. Deustuko Unibertsitatearekin, Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) eta Banaiz Bagararekin elkarlanean antolatu dituzte formakuntza saioak. 

Lan mundua, aisialdia, hezkuntza eta garapen pertsonala

Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean enpresa eta finantza arloko hainbat ikastaro antolatu dituzte, enpresa munduan hasi berri direnentzat. Bestalde, aurten aurreneko aldiz, UEUrekin elkarlanean hasi da Udala, eta lan mundura begirako saio bat antolatu dute, software librea eta Ubuntu erabiltzen ikasteko. Euskararen erabilerari lotuta beste ikastaro bat ere antolatu dute aurten, euskaldunak ez direnek zaintza lanerako euskara ikas dezaten. 

Aurtengo berrikuntzez gain, aurreko ikasturteetatik martxan dauden ikastaroekin ere jarraituko du Udalak. Modu horretan, erakunde sozialetan mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa emateko ikastaroek martxan jarraituko dute, lanean ari direnei nahiz langabetuei zuzenduta. Lanean ari direnek profesionalizazio titulu hori lortzeko falta dituzten moduluak emango ditu Udalak, eta langabezian daudenentzat ere titulu bera lortzeko ikastaroak eskainiko dituzte. Horrez gain, mendeko pertsonen zaintzaileentzat ikastaro gehiago antolatuko ditu, Matia-Ingema elkartearekin elkarlanean. 

Hamabi ikastaro guztira, urritik abendura

Hamabi ikastarok osatzen dute Azpeitiko Udalak udazkenerako prestatu duen formazio eskaintza. Hauek dira ikastaroak, egutegiak eta ordutegiak zehaztuta: 

  • 'Enpresaren lege alderdiak. Oinarrizko esparru juridikoa' (David Fernandez Retana, Deustuko Unibertsitatea). Urriak 3, 5, 10, 17, 19, 24, 26 eta 31. 14:30-16:30. Gaztelaniaz.
  • 'Finantza-kudeaketa finantzari ez direnentzat' (Angel Ardanaz, Deustuko Unibertsitatea). Azaroak 2, 7, 9, 14, 16, 21, 23 eta 28. 14:30-16:30. Gaztelaniaz.
  • 'Gu eta besteak? Kulturak, identitateak eta lurraldeak gizarte globalean' (Andrea Ruiz Balzola, Deustuko Unibertsitatea). Urriak 16 eta 26, eta azaroak 2, 9, 16 eta 23. 16:00-18:00. Gaztelaniaz.
  • 'Euskal mitoak eta euskara' (Manu Etxebarria, Deustuko Unibertsitatea). Urriak 4, 11, 18 eta 25, eta azaroak 8 eta 15. 16:00-18:00. Euskaraz. 
  • 'Software librea eta Ubuntu: oinarrizko ikastaroa' (Maider Likona, UEU). Azaroak 7, 14, 21 eta 28, eta abenduak 5 eta 12. 17:00-20:00. Euskaraz.
  • 'Euskal Herriko oroimen historikoa' (Eztizen Miranda, UEU). Ikastaro hau on line emango dute, azaroaren 4tik abenduaren 2ra. 17:00-19:00. Euskaraz.
  • 'Adingabeak eta Internet: arriskuak eta nortasun digitala' (Rakel Gamito, UEU). Azaroak 12, 19 eta 26. 09:00-12:00. Euskaraz.
  • 'Elkarrekin sukaldean' (Banaiz Bagara eta Lurdes Arteaga). Urriak 5, 12, 19 eta 26, eta azaroak 2. 15:00-17:00. Euskaraz.
  • 'Euskal sukaldaritza zaintzaileentzat' (Banaiz Bagara eta Lurdes Arteaga). Azaroak 9, 16, 23 eta 30, eta abenduak 7 eta 14. 15:00-17:00. Ele bitan.
  • 'Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa ematea erakunde sozialetan, lanean daudenentzat' (irakasle adituak). Urriaren 1etik abenduaren 20ra. 15:00-18:30. Ele bitan.
  • 'Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa ematea erakunde sozialetan, langabezian daudenentzat' (irakasle adituak). Ele bitan.
  • 'Mendeko zaintzaileentzat ikastaroak' (Ingema-Matia). Urritik abendura. Ele bitan.

Izen-ematea zabalik 

Dagoeneko eman daiteke izena antolatutako ikastaroetan, udaletxean edo ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idatzita. Saioak Baigera Ieko laugarren solairuan emango dituzte, Udalak klaseak emateko egokitu baitzuen gela hori. 

Ikastaro batzuk doan izango dira eta beste batzuk ordaindu egin beharko dira. Hala ere, Elduaienek azaldu duenez, ordaindu ezin dutenen matrikula bere gain hartuko du Udalak. Ikastaroen prezioak ikusgai daude Udalaren webgunean.

"Herritarrak animatu nahi ditugu ikastaro hauetan izena eman eta formatzera, bai langabezian daudenak, bai lana hobetu nahi dutenak, eta baita gainerako guztiak ere", adierazi du zinegotziak. Horrez gain, eskainitako ikastaroak "kalitatezkoak eta maila onekoak" direla azpimarratu du.