Bertanek 'Berti' aurkeztu du, Azpeitiko merkatarien elkartearen maskota

Uztarria.eus 2016ko ira. 14a, 18:35
Bertaneko eta Eregiko kideak Stock Azokaren kartelekin eta, erdian, Lantz Unanue, 'Berti' maskota eskuetan duela.

Herriko ikastetxeetako LH6 eta DBH1eko ikasleek aurkeztutako diseinuen artean, Lantz Unanuek egindakoa aukeratu dute. Asteburuko Azoka Herritik egitasmoaren barruan, umeek Berti margotu eta txapa bilakaturik etxera eramateko aukera izango dute; ostiralean izango da hori, 18:00etan, Alberdieneako aparkalekuan. Gune horretan egongo dira Stock Azokan parte hartuko duten 39 saltokietako 24ren postuak; gainerakoak Goikokalen, plazan eta Erdikalean kokatuko dituzte.

Bertan merkatarien elkarteak maskota berria du. Gaur, asteazkena, aurkeztu dute prentsaurrekoan Berti, aurrerantzean elkartearen irudi izango dena; erosketa poltsa bat da maskota, "alaia, positibismoa iradokitzen duena", elkarteko ordezkarien hitzetan.

Maskota bat izatearen ideia elkartearen zuzendaritza iritsi ostean, urte hasieran heldu zioten asmoari Bertanen. Hasieran "jendaurrean elkartea ordezkatu eta herriko dendarien identifikazioa erraztuko zuen irudi moduan planteatu" zuten. Ideia lantzen joan ahala, ordea, maskota batek eskaini zitzakeen "aukerak ikusi" zituzten. "Ekintzak iragartzeko erabiltzen ditugun karteletan eta sare sozialetan izan dezakeen erabilera, maskota fisiko bat sortu eta Azpeitiko kaleak animatzea, edota maskotaren inguruan sor daitezkeen dinamizazio ekintzak" daude maskota sortzeko aipatu dituzten aukera eta arrazoien artean.

Maskota sortzea erabakita, diseinua herriko gazteenen esku uztea erabaki zuten Bertanen, "irudimen mugagabea baitute". Herriko ikastetxeetara jo zuten eta, elkartearen hasierako asmoa lehiaketa bat egitea bazen ere, azkenean beste bide bat jorratzea erabaki zuten, "gaur egungo hezkuntza sisteman lehiak ekidin eta ikasleei beste balore batzuk transmitituz irakasteko lanean" ari direla ikusita. Horrela, lehiaketak eta sariak alde batera utzita, ikasleek diseinu grafikoko enpresa bateko langile balira bezala prestatu behar izan zituzten beraien diseinuak, Bertanentzat egokiena izango zen irudia lortzeko. LH6ko eta DBH1eko ehundaka ikaslek aurkeztutako diseinuak esku artean zituen elkarteak uda aurretik, eta horien artean bakarra aukeratu behar. Eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Lantz Unanuerena izan da, azkenean, Berti maskota irudikatzeko erabili dutena, "elkarteko maskota izateko baldintza guztiak betetzen zituelako". Egilea zoriontzearekin batera, Iraurgi Ikastetxeari, Urola Ikastolari eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriri "eskerrak eman" dizkie Bertanek gaurko agerraldian, elkarteari emandako laguntzarengatik.

Eskuz egindako diseinua euskarri digitalera eramatearen ardura, berriz, Eregi komunikazio enpresak izan du.

Stock Azoka, zapatuan

Maskota aurkeztearrkin batera, asteburuan Azoka Herritiken barruan egingo den Stock Azokaren berri ere eman du gaur Bertanek. Herriko 39 saltokik jarriko dituzte postuak azoka horretan. Gehienak, 24, Alberdieneako aparkalekuan egongo dira; gainerakoak, berriz, Goikokalen, plazan eta Erdikalean. Zapatuan egingo dute Stock Azoka, eta saltokien kokalekuak eta ordutegia zehaztuz informazio eskuorria banatuko dute etxez etxe. Gainera, Stock Azokan erosketak egiten dituzten bezeroen artean Kiko Venenoren irailaren 23ko kontzerturako bi sarrera zozketatuko dituzte.

Azokaren bezperan, ostiralean, gaur aurkeztu duten Berti maskotarekin lotutako lehen ekitaldia gauzatuko dute merkatari elkartekoek. 18:00etan hasita, Alberdienean, umeentzako txapa tailerra antolatu dute. Umeek Berti margotu eta txapa bilakaturik etxera eramateko aukera izango dute.