La Basuren eta Perlaken kontzertuak izango dira zapatuan, Sanagustinen

Uztarria.eus 2016ko ira. 14a, 12:44
Perlak taldea. (Kulturaz.eus)

23:00etan hasiko dira kontzertuak, Sanagustin kulturgunean. Itzalpetik izena du Perlaken azken lanak, eta Izotz Erregina da La basuren azken EPa, abenduan kaleratuko duen diskoaren aurrerapena.

Perlak taldearen eta La Basu rap abeslari bilbotarraren kontzertuak izango dira zapatuan, hilaren 17an, Sanagustin kulturgunean, 23:00etan hasita. Perlak taldeak aurten kaleratu du bere azken diskoa: Itzalpetik. La Basuk, aldiz, abenduan kaleratuko du diskoa, eta Izotz Erregina EPa da disko horren aurrerapena. 

2013an sortu zen Perlak taldea. Horien abesti batzuk post-punkaren gordintasuna eta iluntasuna dute, eta kutsu alaiagoa besteek. Kantu nostalgikoak, barnera begirakoak eta atmosferikoak dituzte, baita indartsuak, zuzenak eta alaiak ere. Taldea Miren Narbaizak (Napoka Iria, Joseba B.Lenoir..), Patxi Agirrek (Louise Michel, Syrah), Ilargi Agirrek (Screaming George & the Hustler, Steepers, Sugar Rave) eta Maite Martiarenak (Inconexia, Syrah) osatzen dute.

La Basu, aldiz, Euskal Herriko emakumezkoen raparen munduan erreferentea da. Soinu energetikoez beteriko zuzenekoak eskaintzen ditu Elena Caballerok Dj Ibai lagun duela. Hiru kantuz osatutako Izotz Erregina EPa aurkeztuko du, besteak beste, zapatuan. 

Taldeen inguruko informazio gehiago, www.kulturaz.eus webgunean.