Joxe Mari Agirretxe: "Denon parte-hartzea bermatzen denean, denok sentitzen dugu geure eraikitakoa"

Uztarria.eus 2016ko ira. 14a, 12:17
Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx'. (actoresvascos.com)

Herri hezitzailearen filosofiaren eta proiektuen gainean hitzaldia emango du gaur, Amaia Etxaberekin batera, Sanagustin kulturgunean (19:00), Azoka Herritik egitasmoaren lehen ekitaldian. Francesco Tonuccik Haurren hiria lanean proposatutako eredua garatzeko Euskal Herrian baldintzak ematen direla uste du Porrotx-ek, eta Azpeitia eta Kultur Mahaia horren adibidetzat ditu.

Zertan oinarritzen da herri hezitzaileen filosofia?

Herri hezitzaileen filosofia da euskaraz, Euskal Herri parte-hartzaile bat nahi dugula, etxetik hasi eta aberriraino zabalduko dena: familietan, eskoletan, herrigintzan, udalean... Denak elkarturik, herrian eta Euskal Herrian, adin eta bestelako mugarik gabe, haurrak, gazteak, emakumezkoak, gizonezkoak, aiton-amonak... Maitasun eta gabezi, denetarik dugun guztiok, denok baitauzkagu, izan behar dugu aukera geure oraina eta etorkizuna arazteko. Hausnartuz, proposatuz, eztabaidatuz, erabakiz eta eginez. Esan bezala, etxetik hasita praktikan jarri daitekeen filosofia bat da. Denbora gehiago ematen du, noski. Baina uste dut, azkenean, denbora bat inbertitzen denean horretan, eta denon parte-hartzea bermatzen denean, denok sentitzen dugula geurea eraikitakoa; eta, horrela, gehiago zaintzen dugu, denona baita. Horrek edozertarako balio du, hirigintza plangintza baterako, parke baten diseinurako edo ekintza xume baterako. Inportantea da denek parte hartzea.

Francesco Tonuccik Italian eskola eta haurrak eta udala harremanetan jartzen zituen. Baina Euskal Herrian herrigintza dugu eta herrigintza sekulako aberastasuna da; eta Azpeitia bezalako herri batean gehiago, horretan eredugarria da eta. Udalean arauak egiten dira, eta hirigintzako edozein planteamendu udalaren eskuetatik pasatu behar da; orduan, nahitaezkoa da ere udalaren parte-hartzea. Baina udala ez da ezer herrigintzarik edota hezkuntza mundurik gabe. Beraz, denok gara beharrezkoak, nahitaezkoak.

Hori da filosofia. Euskal Herrian baldintzak ematen dira hori garatzeko eta, inertziak gaindituz, bide berri bati ekin behar diogu, etorkizun oparo bat eskainiko diguna guri, eta gurekin batera munduari.

Herri eta hirietako espazio publikoak berreskuratzeaz eta birpentsatzeaz ere hitz egiten du Tonuccik.

Haurren hiriaz ari gara. Tonucciren filosofiaren arabera, herriak gizon langile kotxedunaren ikuspegitik eratu dira, eta horrela dauzkagu dauzkagun desastreak; ezin herrian bizi, beti beldurrez eta 'kontuz eta kontuz'. Begirada hori aldatu egin behar da, eta haurrentzat egiten dena, denontzat egiten da. Eta areago, ekintzak antolatzen ditugunean (udalekuak, ludotekak...) haurrentzat egiten ditugu, edo gazteentzat, edo familientzat; eta kontua da haientzat egitetik, haiekin egitera pasatzea. Horrek, seguru aski, denbora gehiago kenduko digu hasieran behintzat, baina emaitza askoz ere aberasgarriagoa izango da, maila guztietan.

Noiz eta nola iritsi zinen zeu herri hezitzaileen inguruko proiektuetara?

Orain dela lau urte, bat egin genuen hainbat egitasmok. Txatxilipurdi Arrasateko aisialdi taldeak Francesco Tonucciren La citta dei bambini liburua euskaratu zuen, Haurren hiria argitaratuz. Hik hasi aldizkari pedagogikoa, berriz, Italian izan zen, Erroman, Tonucci elkarrizketatzen, eta Euskal Herrira etortzeko gonbidapena luzatu zioten. Eta orain dela hiru urte, Donostiako Kursaalen burutu genituen 500 pertsonatik gora elkartu zituzten jardunaldiak; udal teknikari eta ordezkariak, ikastetxeetako hezitzaile eta gurasoak izan ginen bertan, besteak beste. Irrien Lagunak klubak, bere aldetik, egitasmoa jarri zuen martxan Oarsoko mankomunitatean eta Oarsoirriak jaio zen; Huheziko Sorguneak egitasmoarekin batera garatu zuen, Lorea Agirrerekin eta Xabier Urruzolarekin, eta hango mankomunitatearekin batera. Gero, Nafarroan, Alfredo Hoyuelos eta Txusma Azkona irakasleek herrietako parkeak diseinatzerakoan prozesu parte-hartzaileak jartzen zituzten abian.

Ikusi genuen bide ezberdinetatik, baina gai berdinarekin ari ginela lanean. Elkartu ginen, Tonucciren jardunaldiak antolatu ziren eta sekulako arrakasta izan zuten. Geroztik, hasieran lau talde ginenak, gaur egun hamabi gara eta hiru norabidetan ari gara lanean: batetik, urtero jardunaldiak antolatzen ditugu; bigarren bidea formazioa da, eta iaz parte-hartzea ardatz zuten bost liburuxka kaleratu ziren, formazioa lantzeko eta tailerrak eskaintzeko; eta hirugarren bidea herri hezitzaileen sarea da, Euskal Herri mailan bultzatu nahi dena, udalak, hezkuntza komunitateak eta herrigintzak bat eginik.

Honek ez du esan nahi egun batetik bestera dena irauli behar dugunik. Poliki hasi behar dugu, egitasmo zehatzak aukeratuz. Eta ikasiz joan, sortzen joan, eta poliki-poliki filosofia hau hedatzen joan. Erabaki handi zein txikietan gaur egun dugun eredu delegazionista hori nolabait irauli, eta herritarrak protagonista bilakatu. Zuek Kultur Mahaia duzue, eredugarria dena; zentzu horretan, nahiko pauso emanda dituzue Azpeitian. Herrietan ere demokrazia erreala, parte-hartzailea eta arduratsua nahi dugu.

Gaur Azpeitian emango duzuen hitzaldira joango denak zer topatuko du?

Topatuko duena da amets baten edo ipuin baten hasiera, eta ipuinari eta ametsari jarraipena eman behar zaio. Nik uste dut Azpeitian dagoeneko badugula oinarri bat horretarako, oinarri sendo bat. Orduan, dagoeneko martxan dagoen lan bati jarraipena ematea da, dagoena aberastuz, eta gu ekarpen txiki bat egitera goaz. Nik uste dut Azpeitiak asko daukala erakusteko. Kultura, heziketa, aisia eta euskara eraldatzaileak eta gure herriarentzat estrategikoak direla iruditzen zaigu. Horrek batzen gaitu filosofia eta proiektu honen bueltan gabiltzanok. Batu egin gara sinergiak sortzeko, gure denbora libretik ari gara honi denbora eskaintzen, egiten ari garen horretan sinesten dugulako. Eta poliki-poliki goaz, ez pentsa erakunde handietatik-eta babes handirik daukagunik. Inertzia handiak daude. Nahiz eta parte-hartzea denen ahotan egon gero, praktikan... Zerbait erreala izan dadin, horretan sinestu eta boterea benetan herritarrengan delegatzea kostatu egiten da, marketinetik haratago benetan pausoa ematea. Bere denbora eskatzen du, partekatzea eskatzen du, herriari konfiantza ematea. Horrek askotan suposatzen du inertziak haustea, eta inertziak haustea ez da erraza izaten. Baina hori da guk proposatzen duguna eta iruditzen zaigu poliki-poliki etorriko dela, badatorrela.

Hitzaldira gerturatzen direnek beren galderak edota kezkak plazaratzea ere bada gaurko hitzaldiaren helburua. Horrelako hitzaldietan, nondik joan ohi dira galdera eta kezka horiek?

Oarsora joan ginenean, guk ere beldur pixka bat sentitu genuen hasieran. Nola egiten da hori? Nola, haurrekin? Erraza da esatea! Zalantzak egoten dira: 'bai, oso ondo eta oso polita, baina nola egiten da hori?'. Baina uste dut beldurra galdu egin behar dela, ekin egin behar dela, eta badaude laguntzeko prest dauden taldeak. Berri Txarrakek ere hala kantatzen du, ezta? "Ibili, erori eta altxa". Edo guk esaten dugun bezala: "Bihotza, burua, eskua. Sentitu, pentsatu, ekin". Sinistu eta aurrera egin, eta joan ikasten bidearekin. Ez dut uste Azpeitian Kultur Mahaia sortzea oso erraza izango zenik, eta gauza denak ez ziren ondo aterako. Baina, aizu, pozik, ezta? Bai zuek eta bai kanpokoak.