Ehunka herritar, EH Bilduren kanpaina ekitaldian

Uztarria.eus 2016ko ira. 13a, 11:14

Irailaren 25ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta dagoeneko kanpainan murgilduta daude hautagaitzarako alderdiak eta koalizioak. Atzo, irailak 12, EH Bilduk egin zuen kanpaina ekitaldia Azpeitian, eta ehunka herritar hurbildu zen plazara.

19:00ak inguruan agertu ziren Gipuzkoako hautes-zerrendako kideak agertokira, horien artean Arnaldo Otegi EH Bilduren lehendakarigaia eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako zerrendaburua. Txalo artean hartu zituzten plazan bildutako herritarrek.

Hezkuntzaz, osasunaz, sozioekonomiaz, burujabetzaz, feminismoaz eta euskal presoen egoeraz aritu ziren, besteak beste. Estitxu Elduaien Azpeitiko Udal zinegotzia izan zen hitza hartzen aurrena: "Gure ilusioak funtsa du. EH Bilduk programa sendoa du herriari eskaintzeko", adierazi zuen, eta programa azaltzeko Maddalen Iriarteri eman zion hitza. 

"Madrildik lezioak ematera datozen horien inposizioak eta erabaki okerrak gainditzeko unea iritsi da. Herri hau beste leku batera eramango duen herri akordioak gauzatzeko unea iritsi da, euskal herritarrak merezi duten leku berri eta ilusionagarrietara eramateko", adierazi zuen Iriartek. Horrez gain, justizia soziala eta feminismoa izan zituen hizpide. "Ez da posible emakumeok gure egunerokotasunean pairatzen dugun ezberdintasuna, eta hori errotik aldatu behar dugu", adierazi zuen. Presoen gaiaz ere hitz egin zuen Gipuzkoako zerrendaburuak: "Presoak Euskal Herrira ekarri behar ditugu, senideak batetik bestera ibili ez daitezen", adierazi zuen.

Arnaldo Otegik hartu zuen hitza ondoren, plazan bildutako herritarren txaloen artean. EH Bilduk "enplegu duinaren aldeko apustua" egiten duela adierazi zuen Otegik: "Horretarako EH Bilduk baditu proposamenak, besteak beste, garapen industrialerako funtsa martxan jartzea eta ikerketa, garapena eta berrikuntzan (I+G+B) Europako portzentaietara iristea. EH Bilduk argi dauka badirela oraindik konpondu beharreko gauzak, eta oraingo soluziobideak biharko aukeretan bilatu behar direla". 

"Badugu ekipoa, baditugu proposamenak. Borondate osoa dugu Euskal Herria askatzeko, eta Euskal Herria ezkerretik osatzeko. Guk badaukagu ibilbide demokratikoa. Orain hasita eta hilaren 25era arte lan egin behar dugu. Ez galdu sekula irrifarra, irrifarre egin behar da borrokara goazelako, eta borroka egiten badugu irabaziko dugu", bukatu zuen agerraldia Otegik. 

Ekitaldi nagusirako autobusa

Zapatuan, hilak 17, EH Bilduk hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia egingo du Bilboko Miribilla Bilbao Arenan, 17:30ean. Hara joateko autobusak antolatu dituzte Azpeititik, eta izena eman nahi dutenek Orkatzen edo EH Bilduren hauteskunde bulegoan eman dezakete izena. 16:00etan irtengo dira autobusak Azpeititik.