Errealitatea, bertatik bertara

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 12a, 19:32

Abuztuan, Greziako Kios irlako errefuxiatuen kanpamentuetan egon zen Maddalen Epelde boluntario lanetan. Han bizitako esperientzia "eder baina gogorraz" hitz egin du Urola Kostako Hitza-rekin.

.

Turkiako hondartza batean ahuspez hilda agertu zen Aylan Kurdi haurraren irudia, leporaino betetako txalupak edo Mazedoniako mugako jende uholdeari oldartutako polizia. Sorterritik ihesi deserrira doazen milaka errefuxiaturen argazkiak ikusi ahal izan dira azken urtebetean hedabide batean nahiz bestean.

Azken hilabeteotan isil antzean dira horiek, errefuxiatuen krisiari dagokionez, baina horrek ez du esan nahi arazoa konpondu denik, etxera itzuli direnik, gerra bukatu denik. Oraindik ihesean, noraezean, jarraitzen dute milaka eta milaka errefuxiatuk, Europara noiz iritsiko. Horren lekuko da Maddalen Epelde (Azpeitia, 1987); izan ere, abuztuaren 4tik 24ra bitartean Greziako Kios irlara joan zen errefuxiatuen kanpalekuetan lan egitera, boluntario moduan.

"Aspalditik" zuen Epeldek errefuxiatuek bizi dutena bertatik ezagutzeko gogoa. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko gazte etorkin tutelatu ohien gizarteratze prozesuak soziologiako doktore tesia aurkeztu zuen joan den apirilean [joan den otsaileko Uztarria aldizkarian gai horren gainean argitaratutako erreportajerako hitz egin zuen], eta ikerketa lan horrekin badu lotura errefuxiatuen egoerak. "Immigranteen egoera izatez ziurgabea bada, adin txikiko errefuxiatuena oraindik eta gehiago". Dena den, ez du haien egoera ezagutzeko paradarik izan, Greziara bakarrik iristen diren adin txikikoak zentro batean sartzen dituztelako. Halere, oro har, errefuxiatuen egunerokoa ezagutzeko aukera izan du.

Souda, Depethe eta Vial

Kios irlan errefuxiatuen hiru kanpamentu daude egun: Souda, Depethe eta Vial. Azken hori militarren esku dago, eta, "oso zaila" da hara sartzea: "Talde jakin batzuek soilik dute sarbidea. Kartzela modukoa da". Horregatik, beste bi kanpalekuetan izan da Epelde, CERST (Chios Eastern Shore Response) boluntario taldearekin. Azpeitiarrak egindako egonaldian mundu guztiko boluntarioak ezagutu ditu, eta esperientzia "oso aberasgarria" izan dela dio, nahiz eta askotan "negarrari eusteko ahaleginak" egin behar izan dituen. "Tristea da hango egoera, eta gauza gogorrak ikusten dituzu. Baina ezin duzu hara joan eta behea jota egon. Askotan pentsatu nuen ni zer tontakeriekin estutzen naizen". Memorian ondo gordea du Epeldek bi urteko haur baten amak behin eta berriz nola esaten zion bere alaba Azpeitira ekartzeko: "Pentsa ama hari zer pasatuko zitzaion burutik haur txiki hura nik Azpeitira ekartzeko esateko. Eta gogorra da hiru astean harreman estua egin, eta gero beraien berririk ez izatea".

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.