Turismoak udan izandako emaitzekin "gustura" azaldu da Udala

Uztarria.eus 2016ko ira. 12a, 18:45
Mikel Ibarzabal zinegotzia, Alaitz Aguado turismo bulegoko teknikaria, Agustin Lizarralde zinegotzia eta Pako Epelde, garbitokian. (Azpeitiko Udala)

Besteak beste, Azpeitia Experience markarekin abian jarri duen estrategia berriaren barruan ireki duten bulegotik 421 bisitari pasatu dira abuztuan.

Herrian turismoa indartzeko aspalditik egiten ari diren ahaleginaren barruan beste urrats bat egin eta Azpeitia Experience markapean estrategia berria jarri du abian aurten Azpeitiko Udalak. Eta estrategia berriak orain arte emandakoarekin pozik agertu dira udal arduradunak, udak utzitako emaitzen berri ematerakoan. "Buruan bueltaka genituen asmoak gauzatu ditugu uda honetan. Hitzetatik ekintzetara pasatu gara, herritar eta bisitarien erantzuna oso ona izan da, eta gustura gaude", adierazi du Agustin Lizarralde Turismo zinegotziak.

Estrategia berriaren barruan, Loiolako Santutegira eta Burdinbidearen Euskal Museora etortzen diren bisitariak herrira erakarri, eta haiek herriko ondarea eta eskaintza ezagutzera animatzeko helburuarekin, abuztu hasieran ireki zuen Udalak turismo bulego berria, Plaza Txikian. Loiolan dagoen eskualdeko turismo bulegoarekin, santutegiarekin eta museoarekin koordinatuta egiten du lan Azpeitiko turismo bulegoak, eta elkarlan horren garrantzia azpimarratu du Lizarraldek: "Eskertzekoa da koordinazio horretan lan egiteko beste eragileek azaldu duten prestutasuna. Eta, bereziki, eskertu nahi dugu Pako Epeldek parrokia eta ingurua bisitariei erakusteko egin duen boluntario lana".

Datuak

Baliabide hasiberriaren lehen pausoekin gustura daude arduradunak. Horrela, abuztuan 421 lagun pasatu dira Plaza Txikiko bulegotik. "Bisitarien perfilari dagokionez, gehien bat bikote helduak eta familia gazteak izan dira etorri direnak, nagusiki Espainiatik eta Herrialde Katalanetatik etorritakoak. Bisitarien ohiko galderak izan dira abuztuan ere nagusi, zer ikus daitekeen herrian eta non jan daitekeen", azaldu dute arduradunek.

Informazioa emateaz gain, hiru bisita gidatu ere antolatu dituzte bulegoaren bidez; 45 lagunek hartu dute pparte bisita horietan. Antolatutako bisitetan herria ezagutzera etorri diren beste 50 laguni ere eman die laguntza bulegoak. Eta, aipatutako guztiez gain, abuztuan zehar beste 400 bat bisitari izan ditu Soreasuko Sebastian Donearen parrokiak. Turismo zerbitzuak erabili dituztenen zenbakia dira horiek guztiak, "nabaria izan delako kalean askoz ere bisitari gehiago izan direla gurean", esan du Lizarraldek.

Bisitarien zein ostalarien aldetik jasotako erantzuna "oso positiboa" izan dela diote udal arduradunek. "Beraz, balorazioa oso positiboa da, Azpeitia bisitarien mapetan kokatzen ari da pixkanaka, eta hori horrela izan dadin lanean jarraituko du Udalak". Hala, irailean eta urrian ere turismo bulegoak irekita jarraituko du, orain arteko ordutegi berarekin, eta bisita gidatuak egiteko aukera ere eskainiko dute bertan. Ohiko lanez gain, etorkizuneko plangintza eta estrategiaren jarraipena lantzen jarraituko dute.